Politika -
Gabonetako mezua
2017an, Nafarroan bizikidetza berrestea espero du Uxue Barkosek
Nafarroako Foru Gobernuko presidenteak datorren urterako erronkak aurkeztu ditu, eta egunez egun aurrerapausoak ematen, hobetzen eta hazten jarraitzea defendatu du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Orain arte emandako pausoek etorkizunari konfiantzaz begiratzea ahalbidetzen dutela, eta 2017an bakearen eta bizikidetzaren alde hartutako konpromisoa berrestea espero du Uxue Barkos Nafarroako Foru Gobernuko presidenteak. Barkosen esanetan, "aniztasuna gure indarguneetako bat da, ez ahultasuna".
Krisi ekonomikoko urteak gizarteko ahulenentzat bereziki gogorrak izan zirela azpimarratu ostean, Barkosek egunez egun aurrerapausoak ematen, hobetzen eta hazten jarraitzea defendatu du, "inor atzean utzi gabe". "Pertsonak dira gure lehentasuna eta gure jardueraren ardatz nagusia izaten jarraituko dute", gaineratu du. Are gehiago, haren esanetan, susperraldi ekonomikoak familiek ongizatea berreskuratzea ahalbideratu behar du.
Lanari dagokionez, enplegua sortzen ari dela nabarmendu ostean Barkosek esan du datuak ez direla inoiz onak izango lan merkatura sartu ezinda dagoen pertsona bat dagoen bitartean. Hori dela eta, Foru Gobernuak kalitatezko enplegua sortzeko konpromisoa duela eta horri eutsiko diola azaldu du.
Uxue Barkosen esanetan, hezkuntza, osasuna, dependentzia eta gizarte alorretan egindako inbertsioak dira azpiegiturarik onenak. Ez hori bakarrik, haren esanetan, "gizarte kohesionatuago eta aberatsago bat eraikitzeko ez ezik, gure ongizatea bermatzeko eta erkidego lehiakorrago eta bideragarriago bat eraikitzeko giltzarri dira”.
Aurreko astean 2017ko Nafarroako Aurrekontuak onartu zirela azpimarratu du, "Gobernu ekintzarako eta aldaketa egonkortzeko erreferentziazko tresna". Gaineratu duenez, "Aurrekontuen azken helburua zerbitzu publikoen kalitatea bermatzea, edo gauza bera dena, nafar guztien ongizatea eta berdintasuna bermatzea da".
Nafarroako presidenteak adierazi duenez, heldu den urtea giltzarri izango da autogobernuaren alorrean eta Nafarroaren eta Espainiaren arteko harremanetan.