Politika -

Auzitegi Nazionala

PPk 'B kutxa' zuela berretsi du Barcenasek epailearen aurrean

"Kontabilitatetik kanpoko eta helbururik gabeko kontabilitatea" zela adierazi du akusatuak. "Ez dut ezer jaso Correaren eskutik, ez niretzat, ezta PPrentzat ere", erantzun du irmoki.

Barcenas PPren diruzain ohia, ANean deklaratzen. Argazkia: EiTB
Barcenas PPren diruzain ohia, ANean deklaratzen. Argazkia: EiTB
PPk 'B kutxa' zuela berretsi du Barcenasek

1:37

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Luis Barcenas PPren diruzain ohiak berretsi egin du PPk 'B kutxa' zuela. Gaur, astelehena, epailearen aurrean egin dituen adierazpenetan esan duenez, "kontabilitatetik kanpoko eta helbururik gabeko kontabilitatea" zen, eta berak zein Alvaro Lapuertak (PPren finantzen burua) oharretan jasotzen zuten. Enpresek egindako emariek "helbururik ez" zutela gaineratu du.

Barcenasen arabera, zenbait enpresarik Lapuertaren bidez egiten zituzten ekarpenak, eta argi uzten zitzaien diru horren truke ez zutela ezer jasoko. "Enpresari guztiek alderdi politikoak, guztiak, lagundu nahi dituzte", adierazi du.

Halaber, maila berean jarri ditu aipatutako enpresek egindako ekarpen ekonomikoak eta edonork egunerokoan medikuarekin edo iturginarekin egiten dituenak, harreman on baterako oinarriak ezartzeko: "Guztiok egiten dugu". Enpresen ordezkariek alderdiaren zuzendaritzako kideen artean modu positiboan hitz egiteko eskatzen zuten.

Diruzain ohiak Alfonso Garcia Pozuelo Constructora Hispanicako arduraduna ere aipatu du, berak ere PPren 'B kutxa' horretan ekarpenak egin zituelako. "Eskudirutan jasotzen ziren eta beti Lapuertaren bidez, emari guztiak Euskadiko egoitzaren segurtasunerako bideratzen ziren eta Lapuertak jaso zituen", baieztatu du.

Gainera, oharren egilea bera izan zela nabarmendu du: "Ezagutzen dut, argi dago (…) zenbait ekarpen izan zirela jasota dago, eta Lapuerta jaunak eta nik jaso egiten genuen nork ematen zituen eta zertarako erabiltzen zen (dirua)".

"Helbururik gabeko emariak ziren, ez ziren inolako kudeaketa baten truke ematen, ez ziren modu ofizialean jasotzen, esan gabe doa, baina sarrera eta irteeren kontrola egiten zen (…) Lapuerta jaunak, arduradun nagusia zen heinean, dena kontrolpean zegoela baieztatu nahi zuen. Horregatik ematen genion oniritzia hirugarrenen aurrean egiaztatzeko", azaldu du.

"Ez dut ezer jaso Correa jaunaren partetik"

Francisco Correa Gurtel sareko ustezko buruzagiak emandako ordainketen gainean, Barcenasek ukatu egin du eskudirutan ezer jaso izana. "Ez dut ezertxo ere jaso Correaren eskutik, ez niretzat, ezta PPrentzat ere", esan du irmoki Auzitegi Nazionalean gaur, astelehena, egin duen deklarazioan.

Barcenasek Correaren deklarazioak aipatu ditu, horrek esan baitzuen emanaldiak eskudirutan egiten zituela PPren egoitzan eta bere etxean. Francisco Correak % 3ko komisioak jasotzea leporatu zion PPren diruzain ohiari, Ministerioetan esku hartzearen truke, ACS eta OHL, esaterako, enpresek lan publikoen esleipenak jaso zitzaten.

"Tontakeria bat da", erantzun du. Bi enpresa horien presidenteek harreman onak dituzte PPren kargudunekin eta, hortaz, ez dute bitartekaririk behar, gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala berriak Barcenas auzia Alderdi Popularra Epaiketak albisteak Alderdi politikoak bideoak Ustezko ustelkeria politikoa Euskadiko PP Gaurko azken ordukoa