Politika -
Bilbon
Sortuk 'birfundaziorako' kongresua egingo du gaur
Arnaldo Otegi idazkari nagusi kargurako aukeratzeaz gain, alderdiaren etorkizuneko ildo politikoa zehaztuko dute.
Agentziak | Erredakzioa
Sortuk alderdia "birfundatzeko" kongresua egingo du gaur, larunbata, 10:30etik aurrera Bilbon, Euskalduna Jauregian. Arnaldo Otegi aukeratuko dute idazkari nagusi kargurako.
Kongresua goizean hasi eta amaituko da, eta iazko uztailaren 2an hasitako eztabaida-prozesua burutuko dute. Etorkizunera begira Sortuk izango dituen konpromisoak ezagutaraziko dituzte; horretarako, Zohardia ponentzia onartuko dute. Testuaren inguruan aurkeztutako 751 zuzenketek Sortuk Euskal Herrian burujabetza-prozesua abiatzeko tresna izan behar duela berretsi dute.
Hala, "Euskal Errepublika Sortu" izeneko ebazpena bozkatuko dute kongresuko parte-hartzaileek. Txostenak prozesuaren garapena eta egungo egoera laburbildu ditu. Horrez gain, Arnaldo Otegi buru izango duen Sorturen Kontseilu Nazionaleko 29 kideen izenak jakinaraziko dituzte: hasierako fase batean 14 aukeratu zituzten, eta militanteek beste 15 hautatu dituzte azken egunotan.
Zuzendaritzako lehen 14 kideak (hautagaitza nazionaleko 9 eta lurralde bakoitzeko bana) Otegi buru duen zerrenda bakarra bozkatuta aukeratu zituzten, botoen % 95 lortuta.
Kongresuan hainbat alderditako 40 gonbidatuk baino gehiagok hartuko dute parte: Sinn Féin (Irlanda), Die Linke (Alemania), Movimiento Libres del Sur (Argentina), Izquierda Ciudadana (Txile), FMLN (Salvador), MLN/Tupamaros (Uruguai), Esquerra Republicana, CUP, Poble Lliure, Barcelona en Comu, BNG eta Izquierda Castellana.