Politika -

Epaiketa

Esleipendunari ez ziotela dirurik barkatu esan du Bakioko alkate ohiak

Astearte honetan hasi da Txomin Renteria alkate ohi jeltzalearen kontrako epaiketa. Prebarikazioa, dokumentuak faltsutzea eta administrazio publikoari iruzurra egitea leporatzen diote.

Txomin Renteria Bakioko alkate ohi jeltzalearen kontrako epaiketa hasi da. Argazkia: EiTB
Bakioko alkate ohia epaitegian, ustezko prebarikazio delituagatik

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Txomin Renteria Bakioko alkate ohi jeltzaleak gaur Bizkaiko Lurralde Auzitegian adierazi duenez, Udalak ez zion euro bakar bat ere barkatu Talasoterapia Kiura proiektua esleitu zioten enpresari. Are gehiago, kontratuan egindako aldaketaz Udaleko idazkariarekin hitz egin zuela eta inork ez ziola esan "aldatu ezin zitekeen" klausula bat aldatzen ari zirenik.

Gaur hasi da Txomin Renteria alkate ohiaren kontrako epaiketa, eta aipaturiko talasoterapia proiektu hori tarteko prebarikazioa, dokumentuak faltsutzea eta administrazio publikoari iruzurra egitea leporatzen diote.

Talasoterapia Kiura proiektuaren baitan, Bakion talasoterapia zentro bat eraikitzeko asmoa zuten.

Alkateak azaldu duenez, baimenekin izandako arazoak tarteko, lanen hasiera eta obrak gauzatzeko lurrak okupatzeagatik Itsasbazterretako arduradunei ordaindu beharreko kanonaren ordainketa atzeratu egin zuen enpresak.

Egoera horren aurrean, kanonaren ordainketa atzeratzeko kontratuko klausula bat moldatzea proposatu zion alkateak Udaleko idazkariari.

Fiskalaren arabera, aldaketa hori egitean prebarikazio delitua egiteaz gain dokumentu ofizialak faltsutu zituen. Hori dela eta, hiru urte eta erdiko kartzela zigorra, hamar urteko inhabilitazioa eta 470.000 euroko kalte-ordaina eskatu ditu. Izan ere, azkenean Udalak ordaindu zuen kanonari zegokion dirua. Herri akusazioak hamar urteko inhabilitazioa eta 470.000 euroko kalte-ordaina eskatu du eta defentsak, berriz, absoluzioa.

Talasoterapia zentroa ez zuten eraiki eta enpresa, berriz, desegin egin zen.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bakio Politika Euzko Alderdi Jeltzalea Zer gertatu da Bizkaian? Epaiketak albisteak Eguneko albisteak