Politika -
Urteurrena
Mugica:'Ezinezkoa da ETA justifikatzen dutenekin adiskidetzea'
Fernando Mugika 1996an ETAk hildako agintari sozialistaren familiak, lagunek eta hainbat ordezkari politikok omenaldia egin diote gaur eguerdian.
Agentziak | Erredakzioa
Fernando Mugika 1996an ETAk hildako agintari sozialistaren familiak, lagunek eta hainbat ordezkari politikok omenaldia egin diote gaur eguerdian Donostian. Ekitaldian, Jose Mari Mugica semeak baztertu egin du "terrorismoaren zuritzaileekin, errugabetzaileekin eta justifikatzaileekin adiskidetzea".
"Ezinezkoa da gorroto zein suntsipen politikak eta ideiak aldarrikatzen dituzten apostolu, aktore eta predikariekin adiskidetzeko konpromisoa hartzea. Hori ezin da inoiz gertatu", adierazi du Mugicak, abokatu eta politikari sozialistaren hilobiaren aurrean egindako adierazpenetan.
Besteak beste, EAJ, PP eta UPyD alderdietako politikariak izan dira Donostiako Polloe hilerrian Fernando Mugica Herzog hil zutela 21 urte bete direnean. Horrez gain, PSE-EEko zenbait zinegotzik eta batzarkidek hartu dute parte omenaldian: Idoia Mendia idazkari nagusiak eta Iñaki Arriola Gipuzkoako sozialisten idazkari nagusiak, kasu.
Lore-eskaintza amaitu ostean, Mugicaren semeak adierazi duenez, "terrorismoari erantzuteko modua ez ba bakea, legea baizik; izan ere, legea da benetan bakea egiten duena". Ondoren, azpimarratu duenaren arabera, "legea betetzen eta eskatzen denean gaude guztiok ordezkatuta, terrorismoa behin-betiko suntsitzeko".
Iñaki Arriolak ere hitz egin du Mugicak baino lehen. "ETA indarrean egon zen urteetan, PP eta PSOEko politikariek demokraziari eustea posible zela erakutsi zuten, hitzetan, ideietan eta printzipioetan oinarrituta", esan du.