Politika -
CABIECES AUZIA
'Ordainketa irregularrak' egin zirela esan du Kutxabankeko auditoreak
Roberto Mol Kutxabank barruko auditoria egin zuen ikuskatzaileak deklaratu du gaur. Cabieces kontratatu zutenetik, ez ohiko mugimenduak egon zirela berretsi du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Robert Mol Kutxabanken Barne Auditoria Departamenduko zuzendariak deklaratu du gaur Cabieces auziko epaiketaren bigarren saioan, Bizkaiko Auzitegian. Berretsi egin du bere lan-taldeak egindako txostena; bertan zehazten denez, Rafael Alcortaren abokatu-bulegoari Kutxabankek ordaintzen zion diru-kopurua handitu egin zen, Mikel Cabieces kontratatu zenean, trukean zerbitzu gehigarririk jaso gabe.
Mario Fernandezek Kutxabankeko presidente kargua utzi berritan egin zutela auditoria hori esan du Molek, Gregorio Villalabeitiak aginduta, Cabiecesen kontratazioan irregulartasunik egon ote zen argitzeko.
Auditoreak zehaztu duenez, Kutxabankek Alkortaren bulegoarekin zuen kontratua ez zen aldatu, baina hilero 5.700 euro gehiago ordaindu zitzaion bulego horri, Cabieces kontratu zutenetik. Horrez gainera, Cabiecesen kontratuaren finikitoa ere ez ohikoa izan zela esan du auditoreak, Fernandezek berak sinatu zuelako.
Cabieces auzia izenarekin ezagutu den auziaren epaiketari ekin zion atzo Bizkaiko Probintzia Auzitegiko 6. Sekzioak. Mikel Cabieces Espainiako Gobernuak EAEn zuen ordezkariari Kutxabankek egindako ustezko ordainketa irregularrengatik akusatu gisa deklaratu zuten Mikel Cabiecesek berak, Mario Fernandez garai hartan Kutxabankeko presidente zenak eta Rafael Alcorta abokatuak. Gaur lekukoen txanda izan da.