Politika -
Istiluak
Atxilotuak eta zaurituak Euskadin, Espainiaren garaipenaren ostean
-Istiluak: Zarautzen, Beasainen, Gasteizen eta Bilbon.
-Atxilotuak: Zarautzen (1), Bilbon (2), Beasainen (1) eta Iruñean (3).
-Barakaldoko emisioa bertan behera sabotaje baten ondorioz.
Erredakzioa
Espainiako selekzioak Munduko Txapelketa irabazi ostean, hainbat istilu izan dira EAEko hainbat udalerrietan eta Nafarroako hiriburuan. Gainera, bost pertsona atxilotu dituztela jakinarazi du Barne sailak.
Gipuzkoa
Zarautzen jazo zen erasorik larriena. Karabana batean zihoazen 6-8 pertsonez osatutako talde bat ibilgailutik jaitsi eta Espainiako selekzioaren garaipena ospatzen zuen lagun bati eraso egin zioten.
Ustezko erasotzaileak Zumaiako bidean atzeman zituen Ertzaintzak eta 26 urteko horietako bat atxilotu zuten. Buruko traumatismoa zuen biktima Zumaiko Ospitalera eraman zuten.
Taberna batetik irtetzerakoan ''gorria''ren garaipena ospatzen zuen pertsona talde bati harriak botatzea egotzita beste lagun bat atxilotu zuten Beasainen.
Bizkaia
Bilbon ere istiluak izan ziren eta bi pertsona atxilotu zituzten. Lehen atxiloketa Deustun izan zen, 25 urteko gazte batek Espainiako selekzioa animatzen zegoan atzerritar bati eraso egin zion. gizon bat atxilotu zuten Santutxuko Zabalbide kalean, Espainiako banderak zeramatzaten bi lagun makilkadaz jotzea leporatuta.
Hiru zaurituak Basurtuko Ospitalera eraman zituzten.
Araba
Gasteizko erdigunean eta alde zaharrean garaipena ospatzen zebiltzaten zenbait pertsona ere erasotu zituzten. Hainbat pertsonek, halaber, edukiontziak gurutzatu eta zenbait ibilgailuetan kalteak eragin zituzten.
Nafarroa
Iruñeko Gaztelu plazan partida ikusteko pantaila erraldoia jarri zuten eta jai giroa izan zen nagusi.
Dena den, Gaztelu plazaren inguruetan "garrantzi gutxiko istiluren" bat izan zen eta bi lagun atxilotu zituzten.
"Independetzia" leloa elastikoan zeraman adingabe bat El Sol tabernan jipoitu dutela argitaratu du apurtu.org webguneak.
Komunera zihoan neska bat tabernara lagundu zuen gazteak eta orduan, hainbat pertsonek eraso egin zioten. Ondoren, Guardia Zibilak adingabea atxilotu zuen.
Webgunearen arabera, guardia zibilak joan ohi dira El Sol tabernara eta Nafarroako hiriburuko Guardia Zibilaren Komandantziaren aurrez aurre dago.
Sabotajea Barakaldon
Bizkaiko Barakaldo herrian ere pantaila erraldoia jarri zuten, baina sabotaje baten ondorioz, emisioa bertan behera geratu zen 76. minutuan.