Politika -
Herri Biltzarra
Elvira Garcia senatariaren dimisioa eskatu du Gasteizko Ahal Duguk
Alokairu soziala ez ordaintzeagatik bere etxetik botako du Eusko Jaurlaritzak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
"Kargu guztietatik dimititzeko" eskatu dio Elvira Garcia Ahal Duguren senatari arabarrari Gasteizko Ahal Duguren Herri Biltzarrak, ez baitu nahi "eredugarri ez diren jarreretan lagun izan".
Herri Biltzar horrek azaldu duenez, ostiral honetan bildu dira Gasteizen, eta bertan bere azalpenak eskaini ditu Garciak, eta "dimititzeko asmoa" iragarri. Izan ere, alokairu soziala ez ordaintzeagatik bere etxetik botako du laster Eusko Jaurlaritzak.
"Kargu publiko izateak eta herritarren eskubideak defendatzeko hartutako konpromisoak ezin dute ekarri inolaz ere pribilegio egoerarik", esan du Ahal Dugu Gasteizek ohar baten bidez. "Ezin dira inoiz interes pertsonalei edo ekonomikoei lehentasuna eman, ordezkatzen dugun herritarren beharren aurrean", gaineratu du alderdiak.
"Dena dela, senatariaren bizitza pribatuaren aurrean errespetua eskatzen dugu, kaltegarria baita egiaztatu gabeko gertakariak zabaltzea, eta ez baitu laguntzen herritarrek merezi duten azalpenak ematen", ondorioztatu du Herri Biltzar arabarrak.