Politika -
Europako Parlamentua
Emakumeak gutxietsi zituen eurodiputatua zigortzea aztertzen ari dira
Poloniako eurodiputatuak esan zuenez, emakumeek gizonek baino diru gutxiago irabazi behar dute "ahulagoak" direlako eta gutxiago dakitelako.
agentziak | erredakzioa
Antonio Tajani Europako Parlamentuko presidente italiarrak ikerketa abiaraztea erabaki du, eskuin muturreko Poloniako eurodiputatu batek aurreko asteazkenean egindako adierazpen matxistak direla eta; emakumeak gizonak baino ahulagoak direla eta gutxiago dakitela esan zuen.
Janusz Korwin-Mikke eurodiputatuaren (Izenik eman Ez duten taldekoa) inguruan hasitako ikerketaren ostean baliteke zigorrik izatea, gorrotoa eragiten duten adierazpenak egiteagatik. Zigorrak oso bestelakoak izan litezke; erakundearen errieta jaso, isuna ordaindu edo behin behinean jardutea debekatu liezaiokete.
Adierazpenen unean Tajani bertan egon ez bazen ere, zenbait diputatuk abisatu zioten, azaldu dutenez.
Adierazpenak asteazken arratsaldean egin zituen Korwin-Mikkek. Bere esanetan, emakumeek gizonek baino diru gutxiago irabazi behar dute "ahulagoak eta txikiagoak" direlako eta gutxiago dakitelako.
"Ba al dakizue emakumeek Greziako Joko Olinpiarretan hartzen zuten lekua? Emakume greziar onena? Nik esango dizuet, 800.a izan zen. Ba al dakizu zenbait emakume daude lehen 100 xake-jokalarien artean? Nik esango dut: bat ere ez", azaldu zuen eurodiputatuak.
Europako Parlamentuaren araudiaren arabera, eurodiputatuek "elkar errespetatu" behar dute eta ezin dituzte hitz difamatzaileak, arrazistak edo xenofoboak erabili.
Ez da lehen aldia Poloniako eurodiputatu horrek polemika eragiten duela Europarlamentuan eta, horregatik, zigorra jasotzen duela. 2015ean 10 egunez galari zioten jardutea eta 3.000 euroko isuna ezarri zioten nazismoaren apologia egitearren.