Politika -
Palau auzia
Ferrovial enpresak CDC alderdiari dirua eman ziola onartu du Milletek
Bestalde, Konbergentziako goi karguek legez kanpoko finantziazio sistema horren berri zuten galdetuta, ez dakiela erantzun du Palau de la Musikako presidente ohiak.
Agentziak | Erredakzioa
Felix Millet Palau de la Musikako presidente ohiak epailearen aurrean aitortu duenez, Ferrovial enpresak legez kanpoko komisioak ordaindu zizkion CDC alderdiari kontratu publikoak esleitzearen truke. Bere esanetan, alderdia legez kanpo finantzatu zuen elkarte kultural horrek. Bestalde, Konbergentziako goi karguek azpijoko horren berri zuten galdetuta, ez dakiela erantzun du Milletek.
Asteazken honetan hasi da Palau auzia, eta Felix Millet izan da epaimahaiaren aurrean deklaratu duen lehen akusatua. Alderdia legez kanpo finantzatu zutela aitortu duen arren, soilik Defentsak eta Fiskaltzak egindako galderei erantzun die.
Era berean, gastu partikularrak (etxeko obrak, bidaiak eta alaben ezkontzak, besteak beste) ordaintzeko milioika euro desbideratu izana onartu du Milletek. Dena dela, 2009. urtean epaileari idatzitako gutun batean dirua desbideratu zuela aitortu zuela azpimarratu du, eta guztira hiru milioi euro inguru gastatu zituela berretsi du.
Bere esanetan, Ferrovial enpresak ustez Musika Jauregia finantzatzeko dirua ematen zion, kontratu publikoak esleitzearen truke. Alabaina diru horren zati nagusi bat alderdira bideratzen zen, eta Palauko arduradunek komisioa kobratzen zuten. Milletek epailearen aurrean ziurtatu duenez, Carlos Torrent Konbergentziako diruzain ohiari (hilda dagoena jada) eskuan ematen zion dirua.
Ferrovial enpresak emandako komisioak alderdiko kideen artean banatzen zituztela argi utzi du Milletek. “Orain arte ez dut hori aitortu, baina egia da”, esan du. Gainera, legez kanpoko finantziazio-sistema hori urteetan zehar luzatu zela onartu du. Ildo horretatik, komisioen zenbatekoa CDCk eta Ferrovial enpresak adostu zutela azaldu du.
“Kontratu publikoen truke Ferrovial enpresak legez kanpoko komisioak ordaintzen zituela argi zekien Konbergentziak”, ziurtatu du Milletek.
Palau de la Musikako presidente ohiak ez du zehaztu Carles Torrent hil zenetik Daniel Osacar alderdiko diruzaina izendatu zuten arte CDCko beste goi kargudunekin bildu bazen komisioen inguruan hitz egiteko. “Ezetz esango nuke; okertu naiteke, baina ez dut uste oker nabilenik”, azpimarratu du.
Fiskaltzaren arabera, bilera horretan Jaume Camps CDCko diputatu ohia eta Germa Gordo Justiziako kontseilari ohia izan ziren.