Politika -

Diputatuen Kongresua

EAJrengana hurbiltzen saiatzen ari da PSOE

Arratsaldean Estatuaren egoerari buruzko eztabaidaren ebazpenak bozkatuko dituztela eta, sozialistek zuzenketak aurkeztu dituzte EAJren 11 proposamenetan, aurka bozkatu beharrean.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Diputatuen Kongresuko osoko bilkurak Estatuaren egoerari buruzko eztabaidaren ebazpenak bozkatuko ditu gaur arratsaldean. Saioa 16:00etan hasiko da.

Ezbapenak ez dira lotesleak, hots, Gobernuarentzako aholkuak baino ez dira, baina balio politiko handia dute, Exekutiboak norainoko babesa duen erakusten baitute.

Hori horrela, PSOE EAJrekin akordioak lortzen saiatuko da. Izan ere, aurka bozkatu beharrean, sozialistek zuzenketak aurkeztu dituzte jeltzaleen 11 proposamenetan. Gainera, alde bozkatuko dute beste proposamen batzuetan.

Estatuaren egoerari buruzko eztabaida bukatu ondoren, EAJk 15 proposamen aurkeztu zituen Madrilgo Kongresuan, hala nola Euskadi nazioa dela onartzea, sei transferentzia gauzatzea, Trebiñun erreferenduma egitea, neutroi iturriari babesa ematea eta nazioartean euskal selekzioek parte hartu ahal izatea.

Eduardo Madina bozeramaile sozialistaren hitzetan, "akordioaren aldeko" apustua egin du PSOEk, horrela "Espainiarentzat eta Euskadirentzat onak izan daitezkeen akordioak gauzatu ahal izateko".

Horrenbestez, PSOEk Espalazio Iturriaren mozioa babestuko du, baina Gizarte Segurantzaren zerbitzuak Euskadiri transferitzearen aurka agertuko da.

Lan politika pasiboak transferitzearen kontra bozkatuko dute, baita Trebiñon erreferendum bat egitearen aurka ere.

Baina, aitzitik, lan politika aktiboak transferitzearen aldeko botoa emango dute. Horrez gain, Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako izen ofiziala "txertatzearen" alde ere agertu dira.

Dena dela, sozialisten jarrerarekin "desengainua hartu" dutela esan du Aitor Esteban EAJko diputatuak.

Neutroien Espalazio Iturriaren proiektuari emandako babesa kenduta, EAJren proposamenak "edukiz husten" dituzte sozialisten gainerako zuzenketek.

Pentsioen izoztea

PSOEk ez beste talde parlamentario guztiek pentsioak ez izoztea eskatzea adostu dute.

Testuan, hurrengo urtean pentsioak bere horretan uzteko Gobernuak hartutako erabakia Toledoko Itunaren filosofiaren aurkakoa dela kritikatuko dute alderdiek.

Erretiro adina

PP, CiU, ERC, IU eta BNG babesak lortzen saiatuko dira erretiro adina 65 urtetik 67ra ez igotzea eskatzeko. Lan bizitza "borondatez" luzatu ahal izatea nahiago dute.

Langabezia

Bestalde, langabezia agortu duten pertsonentzako 426 euroko diru-laguntza beste sei hilabetetan luzatzea proposatu dio talde sozialistak IUri.

Estatuta

Estatutari buruzko proposamenak Kataluniako Parlamentuak iragan ostiralean onartutako adierazpenean txertatzea adostu dute CiUk, ERCk eta ICVk, eta zuzenketak aurkeztuko dituzte Kongresuan, PSOEk PSCrekin ostiralean adostutako testuarekin gauza bera egin dezan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea