Politika -

Estatuaren egoera

Porrot egin du PSOEk EAJra hurbiltzeko lehen saiakerak

Sozialistentzat lehentasuna zen EAJrekin akordioak lortzea, eta hori helburu 10 zuzenketa aurkeztu zituzten jeltzaleen beste hainbeste proposamenatan, baina azkenean Kongresuak bi baino ez ditu onartu

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Diputatuen Kongresuko osoko bilkurak amaitu egin du Estatuaren egoerari buruzko eztabaida (joan den astean hasi zen), alderdien ebazpenak eta proposamenak bozkatuz. Hain zuzen ere, Ganberak alderdiek aurkeztutako 90etako 43 onartu ditu.

PSOEk hamar bozketa galdu ditu, hots, iaz baino bost gehiago. Bederatzi oposizioaren testuekin izan da (sei pentsioei eta erretiro adinari buruzkoak) eta hamargarrena sozialistek eurek aurkeztutako batekin (Estatutari buruzkoa).

Saioan, gainera, argi geratu da huts egin duela PSOEk EAJra gerturatzeko lehen saiakerak. Izan ere, alderdi jeltzaleak aurkeztutako 15 ebazpenetatik, 13 atzera bota ditu Kongresuak.

Sozialistek argi utzi zuten EAJrekin akordioak lortzea lehentasuna zela, egonkortasun instituzionala izateko, eta hori helburu 10 zuzenketa aurkeztu zituzten. Dena dela, jeltzaleen ustez, zuzenketok mamia kentzen zieten proposamenei, eta azkenean jatorrizko testuak bozkatu dituzte.

Jose Antonio Alonso bozeramaile sozialistak garrantzia kendu nahi izan dio akordio faltari, eta EAJrekin eta gainerako taldeekin hitz egiten jarraitzeko prest daudela jakinarazi du.

Kongresuak onartutako bi proposamenak markina erremintari eta Neutroi Iturriari buruzkoak dira.

Gainerako proposamenak, hau da, Euskadi nazioa dela onartzea, marko juridiko berria sortzea, sei transferentzia gauzatzea, euskal selekzioen ofizialtasuna aitortzea besteak beste, errefusatu egin ditu Ganberak, PSOEk eta PPk aurka eginda.

Alderdi jeltzalea prest agertu da irailean negoziatzen jarraitzeko.

Pentsioen izoztea

Parlamentario guztiek, PSOEkoak kenduta, pentsioen izoztea bertan behera uztea eskatu dute. 2011n pentsioak izoztea erabaki zuen Gobernuak, baina proposamenak indarrik gabe uztea eskatu dute.

Hurrengo urtean pentsioak izozteak Toledoko Itunaren "filosofia urratzen" duela dio onartutako testuak.

Langabezia-sorospena

Langabezia-sorospena agortu duten langabeei 426 euroko diru-laguntza beste sei hilabetetan zehar luzatzea onartu du Kongresuak, abuztutik aurrera.

ERC-IU-ICV taldearen ekimenari zuzenketa aurkeztu dio PSOEk eta Ganberako gehiengoak onartu egin du. Aldeko 343 boto jaso ditu, bi kontra eta diputatu bat abstenitu egin da.

Estatuta

Auzitegi Konstituzionalak Estatutari buruz hartutako erabakiaren inguruan proposamena adostu zuten PSOEk eta PSCk, eta osoko bilkurak atzera bota du. Sozialistek ez dute lortu testua onartzea, izan ere, kontrako 174 boto jaso ditu (PP, CiU, ERC, PNV, Nafarroa Bai eta UPyD).

Erretiroa hartzeko adina

Bestalde, erretiroa hartzeko adina 65 urtetik 67 urtera ez atzeratzea eskatu dute PPk, CiUk, ERCk, IUk, ICVk eta BNGk. Horren ordez, lan-bizitza luzatzeko "borondatezko mekanismoak" erabiltzea proposatu dute.

Abortuaren Legea

Abortuaren Lege berria betetzea eskatu dio Gobernuari Kongresuak. Proposamenak aldeko 183 boto jaso ditu eta 153 kontra. 11 diputatu abstenitu egin dira.

EAJ: "PSOEk aurkeztutako zuzenketak matxuratutako merkantzia da"

Estatuaren egoerari buruzko eztabaidaren harira PSOEk aurkeztutako zuzenketak "matxuratutako merkantzia" besterik ez dela esan du gaur Aitor Estebanek (EAJ). Zentzu honetan, 2011ko Estatuko Aurrekontuen inguruko akordioa lortzeko "borondate handiagoa" erakutsi beharko dutela esan die sozialistei.

Madrilgo Kongresuan, PSOEren zuzenketen aurrean bere "etsipena" azaldu du Estebanek. Bere esanetan, jeltzaleen proposamenak ez dira "lore jokoak", Espainiako presidentearen "borondatea egiaztatzeko" bidea baizik. "Borondate handiagoa erakutsi beharko dute", gaineratu du.

Ondorioz, EAJk sozialisten akordiorako eskaintzak ez onartzea erabaki du, "PPrekiko duten menpekotasuna argia delako". "Gurekin akordioa lortu nahi badute, Euskadin hitzarmenak sinatzeko haien borondatea erakutsi behar dute", eskatu du.

Legealdia "egonkortasunarekin" bukatzeko, bi aukera eman dizkio Estebanek sozialistei: batetik, PPrekin bat egitea (PSEk EAEn jarraitutako formula); bestetik, EAJrekin akordio batera heltzeko "borondatea erakustea". "Irailean elkartuko gara berriro", bukatu du.

PSOE: "Honek ez du Aurrekontuak onartuko ez dituztela esan nahi"

Jose Antonio Alonso PSOEko bozeramaileak "normaltzat" jo du sozialisten eta jeltzaleen arteko desadostasuna. Bere ustez, horrek ez du esan nahi, "derrigorrez" jeltzaleek Estatuko Aurrekontuak babestuko ez dituztenik. "Gauza batek ez du bestearekin zerikusirik", gaineratu du.

Azaldu duenez, jeltzaleekin transferentziei buruz hitz egiteko "prest" egon dira sozialistak, baina akordiorik ez dutela lortu azpimarratu du. "Ez da ezer gertatzen, guk EAJrekin elkarlanean jarraituko dugu, baita gainerako taldeekin ere".

PPk hauteskundeak aurreratzea eskatu dio Espainiako Gobernuari beste behin ere. Eskaera "barregarria" dela esan du Alonsok, popularrak direlako "Kongresuan bakarrik daudenak", eta ez sozialistak.

PP: "Zapatero boterearen truke dago boterean"

Bestalde, Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernuko presidentea "boterearen truke boterean" dagoela salatu du Soraya Saenz de Santamaria PPko bozeramaileak, eta "engainatzen" utziko den norbait bilatzea "gero eta garestiago" ateratzen zaiola ohartarazi dio Zapaterori.

Gobernuaren "nekea" azpimarratu du berriro Saenz de Santamariak, maniobratzeko marjinarik ez duela ikusita.

Exekutiboko buruzagia "harrokeriaz" jokatu duela nabarmendu du PPko bozeramaileak.

"Zingira baten erdian geundela esan zigun, baina nola atera gaitezkeen ez daki. Baina boterean mantentzearren guztiak hondoratzeko kapaz da", erantsi du Saenz de Santamariak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea