Politika -
ETA-ren biktimak
Jordi Lidon: 'Ezin duzu utzi gorrotoak suntsi zaitzala'
Jose Maria Lidon epailea, ETAk Getxon erail zuen azken pertsona, gogoratu dute udalerri horretan, Jordi semearen testigantzarekin.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Jose Maria Lidon epailea, ETAk Getxon hil zuen azken pertsona, gogoratu dute Bizkaiko udalerri horretan, Jordi semearen testigantza jasotzen duen bideo bat jarrita. Hasiera batean sentitu zituen "amorrua eta inpotentzia" gogoratu ondoren, honakoa gaineratu du: "Ezin duzu utzi gorrotoak suntsi zaitzala".
Jordi Lidonen testigantzaren lehendabiziko proiekzioa "Memoriaren Plaza" erakusketa ibiltarian antolatutako ekimenetako bat da. Gogora Institutuak bultzatu duen erakusketa martxoaren 19ra arte izango da ikusgai Areetako Geltokiko Plazan.
Bideoaren proiekzioan, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea, Aintzane Ezenarro Gogora Institutuko zuzendaria eta Lidonen senide eta lagunak izan dira. Bideoa ikusi ondoren, ETAk Getxon hil zuen azken pertsonarekin bizitako esperientzia pertsonalak kontatu dituzte.
Hogeita hamar minutu inguruko bideoan, azaroko "egun oso euritsu batean" etxeko telefonoak jo eta anaiak, Iñigok, "aitari tiro egin diote" esan ondoren, aitaren gorpua eta harekin zihoan ama zeuden garajera jaitsi zenetik bizitakoa azaltzen du Jordi Lidonek.
Jose Maria Lidonen semearen esanetan, "egun horretatik, dena aldatzen da", eta hortik aurrera "arrastaka" eraman zituen gerkatarien "olatua" kontatzeaz gain, "gainezka eginda zauden" une horietan "ezinezkoa da zeureganatzea" lagun, senide eta politikarien bisita, gaineratzen du.
Lagunen eta familiaren laguntza ezinbestekoa da, eta baita "babesa eskaintzen ziguten pertsona ezezagunen eta beste biktima batzuen gutunak" eta une horietan jasotzen duzun "elkartasuna" ere.
Sentitu zituen "inpotentzia" eta "amorrua" azpimarratu ditu Jordi Lidonek, "absurdua baita norbait zure garajera etortzea, zure aitari tiro egitea eta eramatea". "Ezin duzu amorrua nagusitzen utzi", eta "ezin duzu utzi mendeku, errebantxa eta gorroto sentimenduak suntzi zaitzatela".
Jordi Lidonen ustez, "inoiz ezabatuko ez den oroitzapen bat da" atentatua, eta "aitaren faltak min egiten du". Pertsona "berezia", apala, gertukoa eta alaia zen, haren hitzetan; "beti zuen txiste bat ahoan", erantsi du.
Atentatu bat "ez da gainditzen", esan ondoren, tamalgarritzat jo du pertsona bat hiltzen zuten bakoitzean batzuk pozik jarri izana, eta atentatu terrorista haren egileak nortzuk izan ziren jakin nahiko zukeela adierazi du, "ebatzi gabeko gaien liburu hori itxi" ahal izateko.
Seme-alabek "aitita" non dagoen galdetzen diotenean "pena handia" sentitzen duela azaldu du; izan ere, "nola azaldu basati batzuek euren aitita hil zutela epailea zelako?".