Politika -

Kataluniako Estatuta

Estatutaren akordioa berregiteko "keinuak" egingo ditu Gobernuak

Zapatero eta Montilla bi orduz batzartu dira Estatuta garatzeko 'ibilbide orria' negoziatzeko, Auzitegi Konstituzionalak epaia atera eta 24 egunera.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Estatutaren inguruko akordioa "berregiteko" helburuarekin "keinuak" egingo ditu Espainiako Gobernuak, Maria Teresa Fernández de la Vega presidente ordeak iragarri duenez. "Keinu" horien helburua, Kataluinarekin "ulermena" berreskuratzea izango da.

Fernandez de la Vegak adierazi duenez, Gobernuak badaki Auzitegi Konstituzionalaren ebazpenak hiritarrengan eragin duen "kaltea" eta "ahalegin guztia" egingo dute Estatutaren garapena lortzeko.

Izan ere, gaurko bileran, Kataluinako Estatuta "oso-osorik berreskuratzeko" akordioa "berregiteko" eskatu dio gaur Jose Montilla Generalitateko presidenteak Zapaterori. Horrez gain, Auzitegi Konstituzionalak Kataluinako hiritarren "konfiantzan eta moralean" egindako kaltea "konpontzeko" helburuarekin "keinuak" eskatu dizkio Zapaterori.

Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidentea eta Jose Montilla Generalitateko burua bi orduz baino gehiagoz batzartu dira gaur goizean Moncloa Jauregian, Estatuta garatzeko ''ibilbide orria'' negoziatzeko helburuz.

Lehen aldia izan da bi buruzagiak bildu direla Auzitegi Konstituzionalak epaia eman zuenetik. Helburua Estatutaren mamiari eusteko bideak aztertzea izan da.

Hori horrela, Espainiako Gobernuburuak "leialtasun instituzionala" eskaini dio Montillari, baina hori bai, argi utzi du Konstituzionala oso argia izan dela hainbat puntutan, eta beraz, horietan ez dagoela ezer egiterik.

Bere aldetik, Montillak Kataluniako nortasun nazionala aitortzea eskatu dio Zapaterori.

PPk egoera ez "korapilatzeko" eskatu die

Bileraren harian, Alicia Sánchez Camacho Kataluniako PPko buruak Zapatero eta Montillari "korapilatzeari" uzteko eskatu die. Popularrak "adi" egongo direla esan du, Estatutaren aplikaziorako "bidezidorrik" bilatu ez dezaten.

Bere ustez, Zapaterok eta Montillak egin duten bilera "sinesgarritasun gutxiko sofa-agerraldia" izan da. Bere ustez, gaizki konpontzen den bikotearen itxura eman dute gaurko argazkian. Kataluniako hiritarrei "gezurrik" ez esateko exijitu die Montillari eta Zapaterori.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea