Politika -
Auzitegi Konstituzionala
Atzera bota dituzten Estatutaren 14 artikuluak
Auzitegi Konstituzionalaren iragazkia gainditu ez duten artikuluak hizkuntzari, justiziari eta fiskalitateari buruzkoak dira. Horrez gain, 'nazio' kontzeptuari balio juridikoa kendu diote.
Erredakzioa
Kataluniako Estatutak 200 artikulu baino gehiago ditu eta horietako 14 bertan behera utzi ditu Auzitegi Konstituzionalak, Konstituzioaren kontrakoak direla argudiatuta. Katalunia juridikoki ''nazio'' bezala aintzat hartzeari, katalanari "lehentasuna" ematea, Botere Judizial autonomoa izatea eta fiskalitateari lotutako eskumenak handitzea ez dute onartu.
''NAZIO'' KONTZEPTUA
Auzitegi Konstituzionalaren osoko-bilkurak onartu egin du Estatutaren hitzaurrean Katalunia ''nazio'' bezala definitzea, baina definizio horrek balio juridikorik ez duela nabarmendu du, "nazio espainiarraren batasuna disolbaezina delako".
HIZKUNTZA KATALANA
Katalanari buruzko artikuluak ere ez du Auzitegi Konstituzionalaren azterketa gainditu. Estatutaren 6.1 artikuluak ondokoa dio: "Kataluniako hizkuntza propioa katalana da. Beraz, katalana izango da Administrazio publikoetan eta komunikabideetan normaltasunez erabili eta lehentasuna izango duen hizkuntza. Gainera, komunikaziorako hizkuntza eta hezkuntzan erabili beharrekoa katalana izango da. Auzitegi Konstituzionalak atzera bota du puntu hori, Konstituzioaren kontra egiten duelakoan; izan ere, Konstituzioaren 3. artikuluak dio gaztelera dela Estatuko hizkuntza ofiziala.
JUSTIZIA
Estatutak Justizia Administrazio eta Botere Judizial autonomoak aurrikusten zituen Kataluniarako, eta hori ere bertan behera utzi dute.
Zehazki, sei dira errefusatutako artikuluak: 95.5 eta 95.6; 97; 98.2 (a,b,c,d eta e); 99.1; 100.1; eta 101.1 eta 101.2. Artikulu horiek Kataluniako Justizia Kontseilua nola eratu erregulatzen dute eta bere eskumenak zein izango diren zehaztu.
Konstituzioaren arabera, baina, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari soilik dagokio eginkizun hori.
Era berean, Estatutak aurrikusten du Kataluniako Auzitegi Nagusiko presidentea eta beronen salen arduradunak Botere Judizialaren Kontseilua Nagusiak egitea, baina "Kataluniako Justizia Kontseiluaren parte-hartzearekin". Artikulu hori ere baliogabetu egin dute.
76.4 eta 78.1 artikuluak ere bota dituzte atzera. Lehendabizikoak, izaera loteslea ematen die Estatutu-bermeetarako Kontseiluaren ebazpenei eta, bigarrenak, Sindic de Greuges herritarren defendatzaileari Kataluniako Gobernuaren jarduerak ikuskatzeko ardura ematen dio, baina Konstituzionalaren arabera, horrek Estatuko Herritarren Defendatzailearen eskumenak urratzen ditu.
FISKALITATEA
Fiskalitateari lotutako gaiak erregulatzeko arauak ere ez dute Konstituzionalaren iragazia gainditu. 218.2 artikuluak dio Generalitateak "legegintzarako ahalmena" izango duela tokian tokiko gobernuen zergak erregulatzeko eta ezartzeko. Baliogabe utzi dute artikulu hori.
Indarrik gabe utzi duten beste artikulu bat 206.3 da. Arau horrek dio Generalitateak finantzazio baliabideak jarriko dituela gainerako autonomia erkidegoen parean egon ahal izateko, "betiere ahalegin fiskal antzekoa eginez gero".
Horrez gain, 111 artikulua Konstituzioaren aurkakoa dela ondorioztatu dute. Puntu horren arabera, Generalitateak eta Estatuak ahalmen legegileak, arauzkoak eta exekutiboak konpartituko dituzte.
120 eta 126 artikuluak baliorik gabe utzi dituzte, Aurrezki Kutxen eta kreditu erakundeen esparruan Generalitateari eskumenak konpartitzeko ahalmena ematen diolako.