Politika -

PPren aurkako botoarekin

Hizkuntza koofizialen erabilera mugatua berretsi du Senatuak

Ekimenaren onarpenarekin hizkuntza koofizialak erabili ahal izango dituzte osoko bilkuran, baina bakarrik mozioak eztabaidatzen direnean eta 2011ko urtarrilaren 1etik aurrera.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PPren aurkako botoarekin, hizkuntza koofizialen erabilera mugatua berretsi du gaur Senatuak. Osoko bilkuran euskara, katalana eta galiziera erabili ahal izateko Ganberak bere araudia erreformatu beharko du.

Entesako (CiU, EAJ,BNG) senatariek aurkeztu dute ekimena. Onarpenarekin hizkuntza koofizialak erabili ahal izango dituzte osoko bilkuran, baina bakarrik mozioak eztabaidatzen direnean eta 2011ko urtarrilaren 1etik aurrera.

Katalana, euskara, galiziera eta valentziera Gobernuaren kontrol saioetan erabili ahal izatea nahi zuten proposamenaren bultzatzaileek, baina azkenik PSOEren transakzio-zuzenketa bat onartu dute nazionalistek, eta erabilera mozioetara mugatuta geratu da soilik.

Nahiz eta dagoeneko arautua egon, Erkidego Autonomoen Batzorde Orokorrean hizkuntza horiek erabili ahal izango dituzte.

Ekimenak argitaratzeko eta Erregistroan idazkiak aurkezteko orduan hizkuntza koofizialak erabili ahal izango dira, beti ere gaztelerazko testuarekin lagunduta badoaz. Era berean, herritarrek eta erakundeek Senatuari igortzen dizkioten agirietan katalana, galiziera, valentziera eta euskara erabili ahal izango dute.

Eztabaida

Ganberaren Araudia erreformatzeko proposamena bi orduz eztabaidatu dute. Bere jarrera aurpegiratu diote PPri bozeramaileen gehiengoak, eta "zentralistatzat" edo "faxistatzat" jo dute, besteak beste.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea