Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Azkunak ere uste du auzipetuek EAJtik alde egin beharko luketela
Ostiralean Iñigo Urkulluk egin bezala, Bilboko alkateak alderdiaren karneta emateko eskatu die Arabako ustezko espioitza eta ustelkeria auzietan auzipetutakoei.
Erredakzioa
Iñaki Azkuna Bilboko alkateak adierazi du Arabako ustezko espioitza eta ustelkeria auzietan auzipetutakoek EAJtik alde egin beharko luketela, "errugabe direla erakutsi arte", alderdiaren onerako.
Horrenbestez, Azkunak bat egin du Iñigo Urkullu EAJko presidentearen eskakizunarekin. Izan ere, alderdiaren karneta eman beharko luketela esan zuen hark ostiralean. Dena dela, Vocento taldeak gaur publikatu duenez, auzipetuek ez dute alderdia uzteko asmorik.
Gaur goizean Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean, Azkunak esan du espioitza eta ustelkeria auziak "min handia" egiten ari direla alderdian, "batik bat espioitzarenak", "iraingarria eta nazkagarria" baita.
Euskal kutxen bat-egitea
Euskadiko hiru kutxen arteko balizko bat-egiteari dagokionez, Bilboko alkateak esan du ikusteke dagoela "merezi" duen eta "zer baldintzatan" egingo luketen.
Horren ildotik, Azkunak gogorarazi du BBK-ko eta Kutxako kudeatzaileek esan dutela orain ez dela garai ona bat-egitea gauzatzeko, eta lehenik eta behin krisia gainditu beharra dagoela eta BBK-k CajaSur suspertu behar duela.