Politika -
Epaiketa
Fiskalak 50na urteko zigorra eskatu du Aginagalde eta Larretxearentzat
Fiskalak 60 urtetik 50era jaitsi du zigor eskaera, 2008an Inaxio Uria enpresaburua hiltzea egotzita.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Fiskalak 50na urteko kartzela zigorra eskatu du Beñat Aginagalde eta Joanes Larretxea ETAko kideentzat, 2008an Inaxio Uria enpresaburu gipuzkoarra hiltzea leporatuta.
Gaur aurkeztu duen ondorioen txostenean 60 urtetik 50era jaitsi du zigor eskaera fiskalak; izan ere, hasiera batean 60 urteko kartzela zigorra eskatzen zuen bakoitzarentzat. Azkenean, ordea, delitu bat (erakunde armatuko kide izatea) erretiratu die, delitu horregatik beste auzi batzuetan zigortu dituztelako.
AVT Terrorismoaren Biktimen Elkarteak eta fiskalak hainbat delitu leporatu dizkie akusatuei: legez kanpoko atxiloketa egitea, auto bat lapurtzea, kalte terroristak eta hilketa egitea. Espetxe zigorraz gain, fiskalak kalte-ordainak eskatu ditu alargunarentzat (160.000 euro) eta biktimaren seme-alabentzat (240.000 euro).
Fiskalaren esanetan, Aginagalde eta Larretxea izan ziren lapurtutako auto batean harengana hurbildu eta tiroka hil zutenak. Ondoren, ihes egin zuten, autoari su eman zioten eta atxikita zuten autoaren nagusia askatu zuten.
Aginagalde eta Larretxea 2014an jarri zituen Frantziak Espainiaren esku, bi euroagindu tarteko. Aginagalderi berari 32 urteko kartzela zigorra ezarri zioten Isaias Carrasco Arrasateko zinegotzi sozialista hiltzea egotzita.