Politika -
Bake prozesua
Estatuen oztopoek atzeratu dute ETAren armagabetzea, Otegiren esanetan
ETB 1en egindako elkarrizketa batean, Otegik nabarmendu du ETAren armagabetzea "albiste ona" dela euskal gizartearentzat; "aspalditik" espero zen eta hemen da "dagoeneko".
agentziak | erredakzioa
Arnaldo Otegi Sortuko idazkari nagusi eta EH Bilduren bozeramaleak baieztatu duenez, "agerikoa da" ETAren armagabetzea "bide zaila" izan dela, eta lehenago ez egiteko "arrazoi nagusia" Frantziako eta Espainiako estatuek jarritako "oztopoak" izan dira.
ETB 1en egindako elkarrizketa batean, Europa Press albiste agentziak zabaldu duenez, ETA "erakunde armagabea" dela iragartzea "albiste ona da euskal gizartearentzat"; "aspalditik" espero zen eta hemen da "dagoeneko", baina bihar Baionan nola bukatzen den ikusi beharko da. "Zuhurtzia behar da, diskrezioa behar da, baina nik uste dut baldintza nahikoak sortu direla gauzak ongi joateko, eta ni horren esperantzan nago".
Halaber, albistetzat jo du ETAk "baloratzea" euskal erakundeak egindako lana, armagabetze prozesuan.
"Agerikoa da bide zaila izan dela, Espainiako eta Frantziako estatuek, beste batzuen laguntzarekin, polizia eta inteligentzia operazio handiak egin dituztelako. Batzuek galdetzen dute zergatik ez den lehenago egin eta, seguruenik, arrazoi nagusia da bi estatu horiek etengabe oztopatzen egon direla", gaineratu du.
Horren ildotik, adierazi duenez, "normalean, eta nazioarteko estandarrak jarraituta, horren moduko operazioak -edo ekimenak- estatuen babesarekin edo, gutxienez, oniritziarekin egin behar dira", baina "kasu honetan, estatu espainiarrak, Gobernu frantziarraren laguntzarekin, armagabetzea oztopatu du etengabean, eta, bi gobernuek haien erantzukizunari uko egin diotenez, gizarte zibilak hartu du protagonismoa azkenean".
"Esker abertzalea pozik dago eta independentismoa pozik dago, azken finean ziklo bat ixten lanean ari garelako eta ziklo bat ixten -egindako- ahalegin horiek fruituak eman dituztelako", esan du. Alabaina, hori esan eta gero, argi dago hemendik aurrera lan egin behar dutela erantsi du, hilak 9az geroztik hainbat arazo ipini beharko baitira mahaigainean.
Halaber, Otegiren ustean, "ezin da ulertu" ETAren armagabetze prozesua "ziklo berri baten aurrean ere bagaudela ulertu gabe". "Hemen gertatu da, Irlandan ere gertatu zen eta Kolonbian gertatzen ari da. Horrek esan nahi du estrategia batzuek beste batzuk ahalbidetu dituztela, eta hori da Euskal Herrian ere gertatu dena".
Bestalde, Arnaldo Otegik adieraz duenez, esanguratsua da euskal herritarrak pozik jartzen gaituzten albisteek beste batzuk haserretzea eta bitxia da PPk Baionako ekitaldiari "ETAren errenditzea" esatea eta, halere, haserre egotea, "norbaitek uste duenean bere arerioak amore eman duela", alaitzen delako.