Politika -
Bidaia ofiziala
ESS-Leioak AEBetako zientzialariekin lan egingo du urritik aurrera
Leioako Neutroien Espalazio Zentrora mundu osoko zientzialariak helduko dira "etorkizunean" lankidetza horri esker, Patxi Lopez lehendakariaren hitzetan.
Erredakzioa
San Franciscoko (Kalifornia, AEB) SLAC laborategiarekin lan egingo du ESS-Leioa Neutroien Espalazio Zentroak urritik aurrera. Lankidetza neutroien azelerazio programan garatuko dute. Horrela, Bizkaiko egoitzara mundu guztiko zientzialariak helduko dira.
''Irekia'' Eusko Jaurlaritzako webgunean zabaldutako komunikatu batean, euskal zientzialarien eta Kaliforniako ikerlarien artean lortutako akordioaren berri eman du Lehendakaritzak. Patxi Lopez lehendakaria AEBetara egiten ari den bidaia ofizialaren barnean kokatzen da akordioa.
Lehendakariak, Javier Bermejo ESS-Leioako zuzendariak, Jose Antonio Maiz Europako Neutroi Iturriaren Espainiako egoitzaren zuzendariak eta euskal zentroko zientzialariek Kaliforniako egoitza bisitatu dute.
"SLAC bezalako entitate batek Bizkaiko egoitzarekin lan egitea" garrantzitsua dela adierazi du Lopezek, eta Leioara "etorkizunean" mundu osoko zientzialariak helduko direla goraipatu du, lankidetza horri esker.
Lehendakaritzak jakitera eman duenez, urrian ESS-Leioaren eta SLACen arteko lankidetza eskema ixtea espero dute. Horrela, informazioa, ikerketak eta zientzialariak partekatuko dituzte bi zentroek.
Cars Automotive Innovation Facility Zentroa
Ondoren Cars Automotive Innovation Facility-Volkswagen Automotive Innovation Lab Zentroa bisitatu du lehendakariak. Ibilgailu elektrikoen prototipoak garatzen ditu zentro horrek.
Gidaririk behar ez duen ibilgailu prototipo batean igo da Lopez.
Idaho
Azkenik, Patxi Lopez lehendakariari eta Jose Luis Bilbao Bizkaiko diputatu nagusiari harrera egin die C.L. Butch Otter Idahoko (AEB) gobernadoreak.