Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Jaurlaritzak atxiloketekin publizitatea egitea gaitzetsi du Urizarrek
EA-Batasuna akordioak "bizpahiru zinegotzi edo alkateren bat sartzea" helburu ez duenez, Batasuna hauteskundeetara bakarka aurkeztu nahi duela eta EA bere zerrendak osatzen ari dela esan du Urizarrek.
Erredakzioa
Herrizaingo Sailak atxiloketa bakoitzarekin "hedabideen errentagarritasuna lortu" nahi duela baieztatu du Pello Urizar EAko idazkari nagusiak.
Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan, Urizarrek esan du bestela "ezin ulertu" daitekeela astearteko Agirresaroberen eta Ezkerraren atxiloketen unean, Hernani "argazki eta telebista kameraz josia egotea".
ETAk ezin duelako, atentaturik egiten ez duela behin eta berriz esan du Alfredo Rubalcaba sailburuak eta EAko burua ez dator baieztapen horrekin bat. Edozein indarkeriazko ekintza burutzeko "ehunka pertsonez osatutako erakunderik behar ez" dela iritzi du eta "edozein txoribururekin" nahikoa dela azpimarratu du.
2011ko udal eta foru hauteskundeak
EAko idazkari nagusiaren hitzetan, ezker abertzalea eta bere alderdiaren arteko akordioa "epe luzerako" da eta "ezker abertzalea hauteskundeetara bakarka aurkeztu nahi" duela baieztatu du.
2011ko udal eta foru hauteskundeetarako euren zerrendak osatzen dabiltzala azaldu du Urizarrek eta ezker abertzalearekin egin duten akordioak "bizpahiru zinegotzi edo alkateren bat sartzea" helburu ez duela nabarmendu du. Hori horrela, "herrialde honek burujabetasunaren bidean urratsak eman ditzan, ahalik eta erakunde gehienetan ordezkaritza lortzeko apustua" dela zehaztu du.
Aralarri zuhurtzia eskatu dio EAk
Aralarrek ezker abertzalearekin eta EArekin bi bilera egin ostean, Txentxo Jimenez Nafarroako koordinatzaileak prentsaurrekoa ematea gaitzetsi du Urizarrek.
Aralarrek elkarrekin hauteskundeetan aurkeztea ukatzen zuela adierazi zuen Jimenezek orduan eta Urizarrek argi utzi du bilera horietan ez dutela "hauteskundeen inguruan hitz egin".
Horrenbestez, hiru alderdien elkarrizketen inguruko daturik ez "zabaltzeko" eta "zuhurtziaz" jokatzeko eskatu dio EAko buruak Aralarri.
Etxalarreko hiru zinegotzik kargua utzi dute
Ezker abertzalearen akordioarekin ados ez daudelako Etxalarreko hiru zinegotzik kargua uzteari buruz galdetu diotenean, Urizarrek baieztatu du EAk egin duen apustuak "zalantzak piztu" ditzakeela eta ez dio dimisioari garrantzi berezirik eman.
Gaur gai horren berri izan duela adierazi du EAko buruak eta kargu uztearen "arrazoia antzemateko" Nafarroako zuzendaritza Etxalarreko zinegotziekin harremanetan dagoela esan du.