Politika -

Iparralde

Memoria historikoarekiko konpromisoa berretsi du Foru Gobernuak Gursen

Gurseko errefuxiatu-esparruan 6.500 euskal herritar baino gehiago izan ziren, tartean, 500 nafar. Deportazioaren Biktimen eta Heroien Eguna Nazionalaren harira, preso horiek omendu dituzte.

Gurs, 6.500 euskal errefuxiatu eta gudari hartu zituen gunea

1:40

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Deportazioaren Biktimen eta Heroien Eguna Nazionala ospatu dute gaur Oloroe eta Gurs Iparraldeko udalerrietan, eta horren harira 'Terres de Mémoires et de Luttes' elkarteak prestatutako ekitaldietan parte hartu du Nafarroako Gobernuak, Ana Ollo Foru Gobernuko Herritarren eta Erakundeen Harremanetarako kontseilaria bertara bidalita.

Izan ere, Gurseko errefuxiatu-esparruan preso egondako 500 nafar baino gehiago omendu nahi izan dituzte, eta Foru Gobernuak "oroimen historikoarekiko duen konpromisoa" berretsi egin du.

Omenaldia dela eta, lehen aldiz bildu dira Gurseko esparruaren presoen jatorrizko herrialdeen agintariak.

Ana Ollo kontseilariak azaldu duenez, Gursen "500 errefuxiatu nafar baino gehiago izan ziren, giltzapean egondakoak, eskubide mugatuekin, janari gutxirekin eta zaintzapean. Inork ulertzen ez zuen estutasunak pairatu zituzten, are ulergaitzago jakinda askatasunaren alde borrokatzen denbora zeramatela".

Ollok gaineratu duenez, "Gursen jazotakoa gazteentzako irakaspena izatea espero dugu, oroimen kritikotik, giza eskubideen errespetuan eta bake- eta elkarbizitza-kulturan oinarritutako gizartea eraikitzeko".

6.500 euskal herritar baino gehiago Gursen

Errepresio frankistak bultzatuta eta Gerra Zibila hasi zenetik, Errepublikaren aldeko 500.000 herritar inguru exiliatu behar izan ziren, eta errefuxiatu-esparrutan sartu zituzten. Horietako bat Gursekoa izan zen, Frantzia hegoaldeko handiena. 1939ko martxoa eta apirila bitartean eraiki zuten, eta 1945ko abenduaren 31ean itxi.

Espainiako Gerra Zibilaren eta Bigarren Mundu Gerraren artean 60.559 errefuxiatu hartu zituen Gurseko esparruak: 25.577 errepublikazale espainiar ziren, eta horietatik 6.555 Euskal Herrikoak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nafarroa Gizartea Eguneko albisteak Nafarroako Gobernua albisteak Frankismoa Giza eskubideen urraketak frankismoan