Politika -
CIS-en inkesta
PPk irabaziko lituzke bozak, eta PSOEk bigarren lekua berreskuratuko luke
Boto-asmoaren berri jakiteko apirilean egindako galdeketaren arabera, apur bat behera egingo lukete popularrek, eta Unidos Podemos hirugarren indar izango litzateke berriro.
Agentziak | Erredakzioa
CIS inkesta etxeak boto-asmoaren berri jakiteko apirilean egindako galdeketaren arabera, Alderdi Popularrak berriro irabaziko lituzke hauteskunde orokorrak, baina boto gutxiago jasota, ekainean jasotakoa baino puntu eta erdi gutxiago; botoen % 31,5, hain zuzen ere. Sozialistek boto gehiago jasoko lituzkete (botoen % 19,9), Unidos Podemosi bigarren lekua kenduta; Pablo Iglesiasek zuzentzen duen alderdiak eta hura babesten duten taldeek botoen % 19,7 lortuko lituzkete. Ciudadanosi dagokionez, gora egingo luke ia hiru puntu, guztira botoen % 14,9 lortuta.
Apiril hasieran egin zuten galdeketa. PSOEko barne hauteskundeetan lehiatuko zela iragarrita zuen Susana Diazek ordurako, hori egin aurretik izendatu zuten berriro Pablo Iglesias bere alderdiko buru eta inkesta egin baino lehen egin zuen eztanda Murtziako PPren krisiak. Hala ere, Lezo operazioa egin aurretik galdetu zieten herritarrei.
Euskal alderdiei dagokienez, EAJk babes gutxiago lortuko luke aurreko galdeketaren emaitzekin alderatuz gero (botoen % 1,8tik % 1,1era jaitsiko litzateke). Hain justu, botoen ehuneko hori eskuratuko luke EH Bilduk ere, martxoko inkestak aurreikusten zion babesa handituta (% 0,9tik % 1,1era egingo luke).
Boto-asmoaz galdetzeaz gain, buruzagi politiken balorazioa egiteko eskatu zieten itaundutakoei. Joan Baldovi Compromiseko diputatua da "maitatuena", 4,54ko nota jarri baitiote. Mariano Rajoyk ez du bosteko langa gainditu (2,91), ezta Pablo Iglesiasek ere (3). Puntuazio hobea jaso dute Alberto Garzon IUko idazkari nagusiak (4,26) eta Javier Fernandez sozialistak (4,12).