Politika -

Aurrekontu Orokorrak

Eusko Legebiltzarrak gaitzetsi egin du Espainiako Aurrekontuen proiektua

EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PSE-EEk aurrekontu proiektuaren kontra bozkatu dute, eta EAJk eta Alderdi Popularrak ez dute proposamen horren alde egin.

Eusko Legebiltzarra. Artxiboko argazkia: EFE
Eusko Legebiltzarra. Artxiboko argazkia: EFE
Legebiltzarrak Estatuko Aurrekontuen proiektuaren aurka egin du

1:31

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ostegun honetan, Eusko Legebiltzarrak gaitzetsi egin du Espainiako 2017rako Aurrekontu Orokorren proiektua. EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PSE-EEk aurrekontu proiektuaren kontra bozkatu dute, eta EAJk eta Alderdi Popularrak ez dute proposamen horren alde egin. Hala, sozialistak eta jeltzaleak ez dira bat etorri, EAJk eta PSE-EEk gobernu akordioa sinatu zuten arren.

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos alderdiek Espainiako Aurrekontu Orokorren proiektuaren inguruko proposamen bat aurkeztu zuten Eusko Legebiltzarrean, eta, ostegun honetan egin duten bozketan, sozialistek egindako osoko zuzenketaren lehen aldaketa onartu dute.

Gauzak horrela, Espainiako Aurrekontu Orokorren inguruko proiektua gaitzetsi dute Legebiltzarrean, azken urteotako austeritate politika eta murrizketak berresten dituela iritzita. Gainera, aurrekontu horiek ez dietela herritarren beharrei erantzun ematen, sektore publikoa kaltetzen dutela eta lan erreformak bultzatzen dituztela azaldu dute.

Larraitz Ugarte EH Bilduko legebiltzarkidearen esanetan, Defentsara eta Euskal Y-a bezalako “azpiegitura erraldoietara” bideratutako aurrekontua nabarmen handitu du Espainiako Gobernuak. Gauzak horrela, Rajoyk bake eta konponbide agertokira gerturatzeko proposamenik ez duela kritikatu du. Halaber, Lomce eta Kataluniarentzat irtenbide demokratikorik ez duela gaineratu du.

Bestalde, Jon Hernandez Elkarrekin Podemoseko alderdikideak azaldu duenez, 24 ordu eman ditu PSE-EErekin hitz egiten, alderdi horren babesa lortu eta aurrekontuak Euskadirentzat eta espainiar Estatuarentzat txarrak direla argi esan ditzan Legebiltzarrak. Ildo horretatik, Elkarrekin Podemos alderdiarekin bat egin aurretik EAJrekin sinatutako gobernu akordioari garrantzia handiagoa eman diotela esan du.

Susana Corcuera sozialistaren hitzetan, aurrekontuek espainiarrei eta euskal herritarrei kalte egiten dietelako gaitzetsi dituztela azaldu du. Halaber, Espainiako Gobernuak egoera ekonomikoa hobetuko dela esan arren, herritarren egoerak ez duela hobera egingo esan du.

Joseba Egibar EAJko legebiltzarkidearen esanetan, “Espainiarrek Rajoy aukeratu zuten, eta euskaldunek lehendakaria”. Ildo horretatik, Espainiako Gobernuak EAJrekin negoziatzeko behar handia zuela agerikoa dela esan du, eta Kongresuan gehiengoa zuenean oposizioko alderdiak gutxietsi zituela gaineratu du. Halaber, gainontzeko alderdiek egindako proposamenak faltan bota dituela kritikatu du.

Beste alde batetik, Anton Damborrenea Alderdi Popularreko kideak esan du gaurkoa ez dela eztabaida berria izan. Halaber, EAJ eta PPren akordioa dela eta EH Bilduren helburu nagusia atzamarra begian sartzea dela esan du. Era berean, Elkarrekin Podemosek atzamarra PSEri begian sartu nahi diola ziurtatu du (Eusko Jaurlaritzan baitago).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak PNV-EAJ Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa Alderdi politikoak EH Bildu PSE-EE albisteak Euskadiko PP Gaurko azken ordukoa Euskadiko Podemos-eko albisteak