Politika -
80. urteurrena
'Gerrako haurrak' omendu dituzte Santurtzin
Orain 80 urte milaka umek ihes egin behar izan zuten Espainiako Gerra Zibiletik. Euren gurasoek Habana izeneko barkuan sartu zituzten, eta Britainia Handira joan ziren.
EITB.EUS
1937ko maiatzaren 21ean Santurtziko Portua umez bete zen, Ingalaterra eramango zituen Habana itsasontzian sartzeko prest. Tristura eta malkoak ziren nagusi, baina Espainiako Gerra Zibila oso gertu zegoen, eta ez zuten ihes egiteko aukera hura galdu nahi izan.
Habana trasatlantikoa Sestaoko La Naval ontziolan eraiki zuten; Kubara, Mexikora eta New Yorkera egiten zituen bidaiak, baina duela 80 urteko maiatzean Southamptonerako bidea hartu zuen, 4.000 neska-mutil hartuta. Horietako gehienak Euskal Herrira bueltatu ziren handik hiruzpalau urtera. 200 bat ume geratu ziren Ingalaterran.
Gaur istorio horiek guztiak gogoratu dituzte Santurtzin, bertako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak antolatutako omenaldian. Gerratik ihesi joan ziren ume horietako batzuk hartu dute parte ekitaldian. Herria eta familia utzi beharraren tristura gogora ekartzearekin batera, Erresuma Batuan eskuak zabalik hartu zituztenen elkartasuna eskertu dute.
Arrantzaleen Kofradiako sirena hotsek eman diote hasiera ekitaldiari. Portuan bertan jarri duten mosaiko batean lore-eskaintza egin dute, omendutakoak bertan zirela.
Erakundeetako ordezkariak eta hainbat herritar izan dira omenaldian. Bertan egon dira, besteak beste, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea eta Aintzane Urkijo Santurtziko alkatea.
Erkorekak nabarmendu duenez, 20.000 umek baino gehiagok egin zuten ihes Euskal Herritik, Gerra Zibila lehertu zenean. Memoria lantzearen garrantzia azpimarratu du, indarkeriarik eta gerrarik gabeko etorkizuna eraikitzeko.