Politika -
Kale indarkeria
Jaurlaritza: 'Erradikalek indarkeriaz euren burua erakutsi nahi dute'
Horren harira, Bilboko Udalak goizaldeko erasoak gaitzetsi ditu "bizikidetzaren kontrako atentatuak" izan direlakoan.
Erredakzioa
Herrizango Sailak, prentsa-agiri batean, gaur goizaldeko erasoak izan ditu hizpide eta esan du agerian geratzen dela "erradikal abertzaleek euren burua erakutsi nahi dutela jaietako eta udako testuinguruan kale indarkeria erabiliz".
Ertzaintzak, Bilboko Udaltzaingoaren laguntzarekin, ikerketa jarri du abian gaurko kale erasoen egileak identifikatzeko eta atxilotzeko.
Herrizaingo Sailak gaitzetsi egin ditu gaur goizaldeko erasoak eta, azken asteotan hainbat euskal udalerritan izan direnekin batera jarriz, "argi eta garbi gaitzesteko" eskatu die ezker abertzaleko buruzagiei.
Udalaren salaketa
Bilboko Udaleko osokoak kale indarkeria ekintzak salatu ditu "bizikidetzaren eta bilbotarren bake nahiaren kontrako atentatuak" izan direlakoan.
Aparteko osoko bilkura batean, Iñaki Azkuna alkateak gaitzetsi egin ditu ekintzok, izan ere, "kalte handiak egin dituzte, ibilgailu pribatuetan bereziki".
Bilboko Udalak gogorarazi du erasoek arriskuan jartzen dituztela herritarrak eta "indarkeria baztertzeko" deia egin du. Era berean, alkateak esan du "jende honek" ez dituela "jaiak bakean igaro nahi".
Aresen probokazioei jaramonik ez egiteko eskatu du ezker abertzaleak
Borja Sarrionaindiak, Bilboko ezker abertzalearen izenean, Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuaren "probokazioei jaramonik ez egiteko" eskatu die bilbotarrei, "portadak besterik ez baititu bilatzen".
Ez du bart izandako kale erasoen inguruko baloraziorik egin nahi izan, zeren "ezker abertzaleak adierazpen ofiziala egin du gai horri buruz eta bat egiten dugu % 100ean".