Politika -

Ekitaldia

PPrekin lortutako akordioak defendatu ditu EAJk

EAJk Arratiako Egunaren baitan Areatzan antolatutako ekitaldian hartu du parte Andoni Ortuzarrek, Itxaso Atutxa BBBeko presidentearekin.

Andoni Ortuzar, EAJko EBBren presidentea. EiTB
Andoni Ortuzar, EAJko EBBren presidentea. EiTB
Andoni Ortuzar, EAJko EBBren presidentea. EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Andoni Ortuzar EAJko EBBko presidentearen ustez, PPrekin lortutako aurrekontuen inguruko akordioa "guztiz aldebikoa" da, eta "Euskadik berea" lortu du, hamar urte Madrilen ahaleginetan ibili ostean.

Horrez gain, ezker abertzalearen "Podemizazioa" salatu du; izan ere, Ortuzarren esanetan, "arreta gehiago jarri die Espainiako ezkerraren jokoei Euskadiren interesei baino". Era berean, "kanpaina zikina" egin dutela egotzi dio, "zaborrak, pintadak eta eskratxeak barne"; baina, hala ere, "Euskadik EAJri 'bai' esan" diola ohartarazi dio.

EAJk Arratiako Egunaren baitan Areatzan antolatutako ekitaldi batean hartu du parte Andoni Ortuzarrek, Itxaso Atutxa BBBeko presidentearekin. Ia mila afiliatu eta jarraitzaile bildu dira.

Ortuzar pozik agertu da Espainiako Gobernuarekin adostutako aurrekontu akordioari "euskal gizartearen gehiengoak" egin dion harrera onarekin. EAJko presidentearen iritziz, "erantzun horren erakusgarri dira egunotan argitaratutako inkestek utzitako datuak". Emaitza horien arabera, euskaldun gehienek EAJren ekintza politikoa eta Euskadiko Gobernuaren jarduera babestu dituzte.

"Akordioa ona da arlo materialari dagokionez, eta paregabea arlo politikoan. Lana eta lehiakortasuna ekarriko die gure enpresei, baita baliabide gehiago ere zerbitzu publikoentzat", defendatu du.

Hori dela eta, akordioaren aurkako jarrera erakutsi dutenek "ezin dutela edukiari buruz ezer esan" azaldu du. PPrekin eta Rajoyrekin sinatu dutelako baztertu dutela uste du Ortuzarrek.

Inkestak

Ortuzarrek egunotan kaleratutako inkestak aipatu ditu bere argudioa babesteko. "Izan ere, nahiz eta ezker abertzaleak egindako kanpaina zikina izan den, hiritarrek gugan erakutsi dute konfiantza", esan du.

Gizarteak "alderdiaren, erakundeen, udalen eta foru aldundien lana oso ondo baloratu dute, eta ildo berean lan egitea eskatu digute" gaineratu du. Jarraian ondorioztatu duenez, "Zer egin behar dugu? Berdin jarraitu, lanean jarraitu, Euskadirengatik bustitzen segi. Beste batzuk guztiari 'ez' esaten dioten bitartean, Euskadik 'bai' esan dio EAJri, eta EAJk 'bai' esan dio nazio honekin duen konpromisoari".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak EAJ-PNV Andoni Ortuzar Gaurko azken ordukoa