Politika -

Gure Esku Dagoren mobilizazioa

'Erabakitzeko prest' daudela esan dute milaka herritarrek Bilbon

Gure Esku Dago plataformak mobilizazio nazionala egin du gaur Bilboko kaleetan, galdera itxurako mosaiko erraldoi bat irudikatu eta 'Herritarron Ituna' aurkezteko

Gure Esku Dagok Bilbon egindako mosaiko erraldoia.
Gure Esku Dagok Bilbon egindako mosaiko erraldoia.
Milaka herritarrek erabakitzeko eskubidea aldarrikatu dute, Bilbon

1:12

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka herritarrek galdera ikur itxurako mosaiko erraldoi bat osatu dute larunbat arratsaldean, Bilbon, Gure Esku Dago erabakitzeko eskubidearen aldeko plataformak deituta zuen "mobilizazio nazional handia"rekin bat eginda.

Ekitaldia 17:30 inguruan hasi da, orduantxe ekin baitiote Euskadi eta Eliptika plazak elkartu dituen irudi handi hori osatzeari, eta, horretarako, milaka puxika eta elastiko gorri erabili dituzte bertaratu direnek. Euskadi plazan galdera ikurraren puntua egon da kokatuta eta Eliptikoan, berriz, galderaren burua. Ondoren, hautetsontzi handi batek Eliptika plazatik Euskadi plazarako ibilbidea egin du, bertan arratsaldeko beste ekitaldi nagusia, hau da, "Herritarron Ituna"ren aurkezpena egiteko.

GURE ESKU DAGO BILBO EFE 01

Plaza Eliptikoko irudia, mosaikoa osatu baino minutu gutxi aurretik. EFE

"Erabakitzeko prest"

Mobilizazioa hasi aurretik, Zelai Nikolas GEDren bozeramaileak azaldu duenez, "milaka herritar batu gara erabakitzeko prest gaudela adierazteko" eta "eskubide hori gauzatzeko behar diren tresnak jartzeko ibilbidea egiten ari gara", gaineratu du

Bestalde, 'Herritarron Ituna' izan du hizpide. Bere esanetan, itun horrekin lortu nahi dutena da "jarrerak eta kontsentsuak sortzea eta orain arte gatazka pizten zuen gai baten inguruan espazioak eratzea".

GURE ESKU DAGO BILBO EFE 03

Hautetsontzi handia, Eliptika plazatik Euskadi plazarako bidean. EFE

Bere aburuz, etorkizuna guztien artean erabakitzeak "bat-etortzeak, adostasuna eta kohesioa" sortzen ditu. "Gaurkoa urrats bat gehiago da, katalanek egin duten antzera, gizartean gehiengoa den borondatea, tresna demokratikoen bitartez bideratu ahal izateko", erantsi du.

Zentzu horretan, euskal herritarrek "beren korapiloei" eurek aurkitu behar diotela irtenbidea ohartarazi du, eta horrek ez duela Katalunian gertatzen ari dena gutxiago baloratzea egiten. Bestalde, erabakitzeko eskubideari buruzko eztabaidak normaltasuneko gaia izan behar duela demokrazian azaldu du, beraz, "katalanei geure babesa eta elkartasuna erakutsiko dizkiegu".

Halaber, Eusko Jaurlaritzak Euskal Herrian balizko kontsulta bat egiteari "frenoa jarri" izana ukatu du, "egiten joan behar diren bideak" direlako. "Katalanek denbora gehiago daramate, eta herritarrekin izan beharreko jarrera neurtzen ari gara gu. Akordio guneak partekatzea falta zaigu. Katalunian gertatutakoa errespetatzen eta miresmenez begiratzen dugun modu berean, hemen ere mimo berberarekin egin nahi dugu", gaineratu du.

GURE ESKU DAGO BILBO

Milaka herritar Bilboko kaleetan.

Jordi Cuixart: 'Katalunian bozkatu egingo dugu'

Mosaikoa egin ostean, ekitaldi politikoa egin dute, eta bertan lehena hitz egiten Jordi Cuixart Kataluniako Omnium Culturaleko presidentea izan da. Bere aburuz, autodeterminazioarena "zalantzagabeko eskubidea da munduko herri guztietan" eta "herrialde normal batean normala da jendeari galdetzea".

Cuixarten esanetan, Katalunian "Kataluniako gizartea izan da erreferendumaren deialdia itzulezina izatea. Katalunian urriaren 1ean modu askean bozkatuko dugu errepublika katalan bat nahi dugun edota monarkia espainiarra". "Ez izan zalantzarik, Katalunian bozkatu egingo dugu", nabarmendu du, eta honako hau gaineratu du: "Hori ez dago dagoeneko gelditzerik, bozkatzea delako katalanen gehiengo politikoaren eta sozialaren nahia, baita bertako Gobernuaren eta Legebiltzarrarena ere".

'Herritarron Ituna'

Jarraian, Gure Esku Dagoren bozeramaile Angel Oiarbidek eta Zelai Nikolasek 'Herritarron Ituna' aurkeztu dute, eta "euskal gizartearen nahiak bilduko dituen testua" izango dela adierazi dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Bilboko azken albisteak Gure Esku bideoak Eguneko albisteak