Politika -

Gure Esku Dago

GED: 'Herritarron Ituna euskal gizartearen nahiak bilduko dituen testua da'

Gure Esku Dagok ekitaldia egin du Bilbon, eta, bertan, galdera ikur itxurako mosaiko erraldoia osatu eta 'Herritarron Ituna' agiria aurkeztu du.

Herritarron Ituna, euskal gizartearen nahiak bilduko dituen testua

3:02

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gure Esku Dago (GED) erabakitzeko eskubidearen aldeko plataformak mobilizazio handia egin du larunbat arratsaldean Bilboko kaleetan barrena. Aipatu mobilizazioa bi zatitan egon da banatuta. Lehendabizikoan, bertaratu diren milaka herritarrek galdera ikur itxurako mosaiko erraldoi bat eratu dute "erabakitzeko prest" daudela adierazteko, eta, horren ostean, ekitaldi politiko nagusia egin da.

Bertan, Angel Oiarbide eta Zelai Nikolas GEDko bozeramaileek 'Herritarron Ituna' aurkeztu dute. Gogoratu dutenez, Gure Esku Dago "Euskal Herrian herritarrok gure etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzea". Erabakitzeko baldintza egokiak sortzeko, "korapiloak askatu eta adostasun zabalak lortu" beharko direla gehitu dute. Horretarako, 'Herritarron Ituna' tresna eraginkorra izango dela nabarmendu dute eta bi konpromiso zehatz jendarteratu dituzte:

Lehena: "Gure esku hartzen dugu erabakitze prozesuak behar dituen baldintzak sortzeko eta garatzeko ardura eta, eragileekin eta erakundeekin batera, parte hartu eta ekarpenak egiteko konpromisoa, gure etorkizuna libre eta demokratikoki erabaki arte".

Bigarrena: "Gure etorkizun politikoari buruzko eztabaida publiko, plural eta gardena beharrezkotzat jotzen dugu, eta, ondorioz, gizartearen parte hartzea sustatu eta prozesuan parte hartzeko konpromisoa hartzen dugu. Erabakitzeko eskubidea egikaritzeko, tresna eraginkorrak antolatu eta herritarron esku jarri behar dira, azken batean, herritarrok gure estatus politikoari buruz zuzenean erabaki nahi dugulako, ezein aukerari uko egin gabe".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Bilboko albisteak Gure Esku Eguneko albisteak