Politika -
SOZIOMETROA
EAJk irabaziko lituzke EAEko hauteskundeak, 29 eserlekurekin
2016an baino eserleku bat gehiago lortuko lukete jeltzaleek. Gainerako alderdiek emaitzak errepikatuko lituzkete, Elkarrekin Podemosek izan ezik, aulki bat galduko bailuke Legebiltzarrean.
EITB.EUS
EAJk berriro irabaziko lituzke Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak, 29 eserlekurekin, egun dituenak baino bat gehiago. Gainerako alderdiek 2016ko irailaren 25ean lortutako emaitzak errepikatuko lituzkete, Elkarrekin Podemosek izan ezik; alderdi moreak ordezkari bat gutxiago eskuratuko luke.
Hauteskunde autonomikoetarako boto-aurreikuspenari buruzko galdeketa egin berri du Eusko Jaurlaritzak, eta, emaitzen arabera, Gasteizko Ganberaren aulkien banaketa ia bere horretan mantenduko litzateke: Elkarrekin Podemosek aulki bat galduko luke, EAJren mesedetan.
Emaitza horiek gehiengo osoa emango liokete EAJk eta PSE-EEk osatzen duten gobernu koalizioari.
Lurralde historikoei erreparatuta ere, emaitzak ez lirateke ia aldatuko. Bizkaian EAJk 13 aulki lortuko lituzke, egun dituenak baino bat gehiago. EH Bildu izango litzateke bigarren indarra, bost eserlekurekin. Lurralde honetan galduko luke Elkarrekin Podemosek ordezkari bat, lau eserleku izatetik hiru izatera pasatuta. Sozialistek ere, hiru ordezkari lortuko lituzkete Bizkaian, eta popularrek, berriz, 2.
Gipuzkoan, 2016ko emaitzak izango lirateke berriro: EAJk 9 eserleku lortuko lituzke; EH Bilduk, 8; Elkarrekin Podemosek eta PSE-EEk, hiruna; eta PPk, 2.
Araban ere, errepikatu egingo lirateke iazko emaitzak: jeltzaleek 8 ordezkari lortuko lituzkete; PPk eta EH Bilduk, bosna; Elkarrekin Podemosek, 4; eta PSE-EEk, 3.
Maiatzaren 16tik 22ra egin zen galdeketa, eta 2.268 pertsona elkarrizketatu zituzten.