Politika -

Ekitaldia Donostian

EA: 'Bakea eta independentzia lortzeko bideak ez du atzera bueltarik'

Pello Urizarren ustez, "ezker abertzalearen borondatearen aurka" doaz udan zehar gertatutako kale indarkeria ekintzak.

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Bakea, normaltasun politikoa eta Euskal Herriko independentzia lortzeko helburuarekin" EAk eta ezker abertzaleak hasi duten bideak "atzera bueltarik" ez duela nabarmendu du gaur Pello Urizar Eusko Alkartasunako idazkari orokorrak.

Urizarrek Donostian egin ditu adierazpenak, ikasturte politikoari hasiera emateko ekitaldian. Udan zehar izan diren kale indarkeria ekintzen aurrean bere "kezka" azaldu du EAko buruak. "Ohi bezala", bere alderdi politikoak ekintza hauek gaitzetsi egin dituela gogoratu du. Kazetarien galderei erantzunez, kale indarkeria ekintzak egiteko "estrategiarik" ez dagoela esan du. Bere ustez, "egun, ezker abertzaleak duen borondatearen aurka doaz" sabotaje horiek. Horrez gain, erasoen aurrean zenbait alderdik egin duten "erabilera politikoa" ere salatu du. ETAri "behin betikoa" eta "atzera bueltarik" izango ez duen su-etena adierazteko exijitu dio Pello Urizarrek.

"Gauzak bide demokratikoak eta biolentziarik gabeko bideak jarraituz egingo direla argi duten alderdien arteko akordio politiko batean" ETAk lekurik ez duela azpimarratu du.

"Ezker abertzalearekin sinatutako akordioa, bide demokratikoen aldeko apustua eginez, ETAri zilegitasuna gehien kentzen dion argudioa da".

Horretaz gain, bere alderdiaren "ilegalizazio mehatxuez nekatuta" dagoela adierazi du. "Antza denok dakite guk geuk baino hobeto EAko zerrenden eratzea nolako doan".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea