Politika -
Bakea Euskal Herrian
Jaurlaritzak eskerrak eman dizkio Nazioarteko Egiaztatzaile Taldeari
Beren lana amaitutzat eman ostean, EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek ere 2011tik egindako lana eskertu diete egiaztatzaileei.
O.A. | EITB.EUS
Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak (NEB) ETAren indarkeria amaitzeko bere lana amaitutzat eman duela iragarri du, eta eragile politikoen artean erreakzio soka luzea eragin du.
Eusko Jaurlaritzaren izenean, Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetza idazkari nagusiak egiaztatzaileek egindako lana eskertu du. "Gure aldetik gelditzen zaigun bakarra azken lau urteetan Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak egin duen lana eskertzea da. Armagabetzearen etapa amaituta, beste bati aurre egin behar diogu", azpimarratu du.
Beren lana amaitutzat eman ostean, EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek ere 2011tik egindako lana eskertu diete egiaztatzaileei.
EAJk ere eskerrak eman nahi izan dizkio Twitter sare sozialeko kontuaren bitartez Nazioarteko Egiaztatze Batzordeari.
Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak ere esker oneko hitzak izan ditu egiaztatzaileentzat sare sozialen bitartez zabaldutako mezu batean. Dena den, aurrera begira jarrita, konpondu gabe dauden auzien inguruan ibilbide orria adostu behar dela nabarmendu du. Ildo horretan, presoen auzian eta Espainiako Indar Armatuen presentziak eragindako arazoen gaian adostasunak lortzeko urte erabakigarria izan behar duela iritzi dio.
Lander Martinez Elkarrekin Podemoseko ordezkaria ere pozik mintzatu da armagabetzea egiaztatu delako, baina pauso gehiago emateko eskatu dio ETAri. Haren esanetan, ETAk bere azken pausoa eman behar du lehenbailehen: "disoluzioa".
PSE-EEk eta PPk, ostera, ez dute momentuz egiaztatzaileen erabakiari buruzko iritzirik eman.