Politika -

Bizkaia

Erandioko EAJko alkatea absolbitu eta zinegotzi ohi bat zigortu dute

Itziar Koba Hirigintzako zinegotzi ohia prebarikazioagatik zigortu dute, baimenik ez zuen txatartegi bati lan egiten uzteagatik.

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko auzitegiak absolbitu egin du Joseba Goikouria (EAJ) Erandioko alkatea, baina zazpi urteko inhabilitaziora zigortu du Itziar Koba Hirigintzako zinegotzi ohi jeltzalea prebarikazioagatik, baimenik ez zuen txatartegi bati lan egiten uztea leporatuta.

Bilboko Zigor Aretoko 2. Epaitegiak, era berean, Asier San Nicolas Hirigintza zinegotzi ohia ere absolbitu egin du auzi beraren baitan, oraindik helegitea jartzeko aukera dagoen ebazpen batean.

Itziar Koba da zigortu duten bakarra, eta 8.470 euroko kalte-ordaina eman beharko dio kaltetuari abokatuari ordaintzeko. Salatzaileak, txatartegi ondoan lur-saial duen emakumeak, abokatua kontratatu zuen txatartegiak administrazioaren mesedeak jaso zituela frogatzeko.

Hiru auzipetuetatik Goikouriak soilik jarraitzen du alkate gisa, San Nicolasek eta Kobak Hirigintza alorra utzia baitute, beraz, ebazpenak ez du eraginik izango horiengan.

Recuperaciones Esma enpresak Erandiora eraman zuen bere jarduera 2000. urtean eta lanean hasi zen "baimenei itxaron gabe".

Ondoko lur-sail baten jabeak baimena eskatu zuen urte horretan bertan, baina atzera bota zion Udalak behin eta berriz; hori horrela, Udalari salaketa jartzea erabaki zuen, txatartegia lanean ari zelako baimenik gabe ere.

Ebazpen "gazi-gozoa" EAJrentzat

Bizkaiko EAJk "gazi-gozo" jo du ebazpena. Alderdi jeltzalea "gustura" agertu da, ohar batean, alkatea eta zinegotzi ohi bat absolbitu dituztelako, baina ez dute bat egiten Kobak jasotako zigorrarekin.

Bizkaiko EAJk jakinarazi du zinegotzi ohia bera izango dela helegitea jarri ala ez erabakiko duena.

Jeltzaleek gogor kritikatu dute "Oposizioko talde politiko batzuen" jarrera, "kontu hau udal ordezkarien eta alderdiaren aurka kritika zentzugabeak egiteko erabili dutelako".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Erandio berriak Ustelkeria politikoa gaur Ustelkeriaren mapa politika Albisteak