Politika -

Omenaldia Ermuan

Talde politiko guztiak izan dira Miguel Angel Blanco oroitzeko ekitaldian

ETAk orain 20 urte bahitu eta hil zuen Miguel Angel Blanco. EH Bilduk ordezkaritza zabala bidali du Ermuan egindako omenaldira.

Miguel Angel Blancori Ermuan egindako omenaldia. Argazkia: EFE
Miguel Angel Blancori Ermuan egindako omenaldia. Argazkia: EFE
Ermuak Miguel Angel Blanco ekarri du gogora, omenaldi-ekitaldi batekin

1:40

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ETAk bahitu eta hil zuela 20 urte bete direnean, Miguel Angel Blanco omendu dute gaur eguerdian Ermuan. Udalak antolatutako ekitaldian indar politiko guztietako ordezkariak izan dira, baita EH Bildukoak ere.

Besteak beste, ondoko politikari hauek izan dira: Itxaso Atutxa EAJren Bizkaiko presidentea; Maddalen Iriarte, Peio Urizar eta Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak; Nagua Alba Elkarrekin Podemoseko parlamentaria; Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusia; Patxi Lopez lehendakari ohia; eta Alfonso Alonso Euskadiko PPren presidentea.

Javier de Andres Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkaria, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea eta Juan Luis Ibarra EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidentea ere bertan izan dira.

Ertzaintzak, Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak ere parte hartu dute omenaldian, baita ordezkari sindikalek, enpresariek eta herritarrek ere.

Agustin Ibarrola artistak biktimen omenez egindako oroigarriaren aurrean egin dute ekitaldia. Amaitzeko lore-eskaintza egin dute, Blancoren omenez.

Maddalen Iriarte EH Bildu Miguel Angel Blancoren omenaldian EFE

Maddalen Iriarte EH Bildu Miguel Angel Blancoren omenaldian EFE

(Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkideak Miguel Angel Blancoren omenezko lore-eskaintzan. Argazkia: EFE)

Barkamena eskatzea eta iragana gaitzestea

Carlos Totorika Ermuko alkateak esan du ETAk barkamena eskatu eta desegin egin behar duela. "ETAk eta ezker abertzaleak beren iragana kritikatu eta gaitzetsi egin behar dute, gaizki egin zutela esan behar dute; izan ere, ezberdin pentsatzen zutenak hiltzeko erabili zuten indarkeria, hori da egia historikoa", adierazi du.

Horrez gain, ETAk "indarkeria justifikatzeko erabili zuen arrazoia ere" gaitzetsi behar duela azpimarratu du.

"Bizikidetza ez da posible izango gazteengan gorrotoa landuz gero; eta hala gertatuko da Etakideak heroi bezala hartzen badira, intimitatean bada ere, eta abertzale ez garenok euskaldunen kontrakoak garela ulertzen bada", erantsi du.

Totorikak garai hartan Euskal Herrian bizi zen testuingurua salatu du eta gogor kritikatu du ezker abertzaleak izandako jarrera. "ETAk, Herri Batasunarekin batera, Estatu paralelo bat osatu zuen, Euskadiko herriak, eskolak, epaileak… kontrolatzen zituen sare mafiosoa eratu zuen", esan du.

"Estatu paralelo hori oso indartsua izan zen, gizarte zibila paretaren kontra jarri zuen, mehatxuekin, pintadez, ibilgailuak eta etxebizitzak erreta", gaineratu du.

Manifestazio jendetsuak

Totorikak aitortu du ez zuela itxaropen handirik ETAk Miguel Angel Blanco aske utziko zuela eta, beraz, oso garrantzitsutzat jo zuen haren askatasuna exijitzea eta "hiltzaileak zirela aurpegiera esatea".

Blanco hilda, "ETA okertu egin zen, ez baitzuen imajinatzen hilketa hark Ermuan hasieran eta Espainia guztian gerora eragingo zuen erantzuna hain handia izango zela", nabarmendu du.

"Mobilizazio handi horiekin beste aldera begiratzea eta beldurra amaitu ziren. Handik aurrera, hilketa bakoitzeko mobilizazioak izan ziren, ETA ahuldu egin zen eta Zuzenbide Estatuak indarra hartu zuen", azpimarratu.

Bestalde, gaurko omenaldian Jose Maria Calleja kazetariak ere hartu du hitza. Alde batetik, pozik egoteko eguna dela esan du, "ETA garaitua izan delako" eta "hileta batean berriro elkartuko ez garela badakigulako".

Baina bestetik, "egun tristea ere bada, hildakoak ez direlako bueltatuko eta terrorismoaren biktimak kalean gure artean berriro ikusiko ez ditugulako", deitoratu du.

Julen Arzuaga omenaldira joan izana kritikatu du Alfonso Alonsok

Bestalde, Alfonso Alonsok gogor kritikatu du Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkidea Miguel Angel Blancoren omenezko ekitaldian egon izana: "Bere burua zuritzera etorri da".

"Bere burua zuritzera etorri da. Miguel Angel bahitu zutenean ez zuen haren askatasuna eskatu; hil zutenean, hilketa txalotu zuen eta hiltzaileak babestu zituen; eta gaur hilketa hura egiteko erabili ziren kausa eta proiektu bera defendatzen jarraitzen du", azpimarratu du Euskadiko PPren buruzagiak.

"Arzuaga jauna soberan dago. Gainerako guztiak batuta geunden duela 20 urte eta batuta jarraitzen dugu orain. Hori da garrantzitsuena", erantsi du.

Bigarren aldia da EH Bilduk Miguel Angel Blancoren omenaldian parte hartzen duela, Ermuan. Iaz, Peio Urizar EAko idazkari nagusi eta EH Bilduko parlamentaria izan zen ekitaldian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Zer gertatu da gaur Bizkaian? Ermua albisteak EAE ETA Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Bakea Euskadin