Politika -

ETAren iragarpena

Ezker abertzaleak garrantzia "ukaezina" eman dio ETAren erabakiari

"Ekintza armatuak" baztertzea "mugarik eta baldintzarik gabeko" erabakia izan dela azpimarratu du; hori dela eta, "Euskal Herrian garai politiko berri bat" ireki omen da.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ezker abertzaleak esan du ETAk "ekintza armatuak" baztertzeko hartu duen erabakiak garrantzia "ukaezina" duela, izan ere, "mugarik eta baldintzarik gabeko" erabakia izan dela azpimarratu dute, eta horrek "Euskal Herrian garai politiko berri bat irekitzea" ekarriko duela.

Txelui Moreno, Tasio Erkizia, Agurne Barroso eta Marine Pueyo izan dira ezker abertzalearen izenean hitz egin dutenak, Donostian emandako prentsaurrekoan. ETAren agiriari buruzko "premiazko balorazioa" egin dute eta ez dute kazetarien galderarik erantzun.

Era berean, "prozesu demokratikoa egonkortzeko ekarpena" dela eta horri esker "gatazkari betiko amaiera emateko ezinbesteko testuingurua" eratzen laguntzen duela goraipatu du.

Horren harira, Morenok adierazi duenez, ezker abertzaleak "Zutik Euskal Herria" agirian adostutako ondorio "ukaezinak eta estrategikoak" eta erakunde armatuak gaur iragarritako "konpromisoak" aro politiko berri bat irekitzen dute Euskal Herrian.

"Ezker abertzaleak uste du egungo blokeo, indarkeria, errepresio eta eskubide demokratiko eta nazionalen ukazio garaia gainditzeko agertokiaren ateak irekitzen ari direla", gaineratu du Morenok.

Testuinguru horretan, ezker abertzaleak bide politikoen aldeko apustua berretsi du, "koherentziaz, ekimenak garatuz eta konpromisoak hartuz itxaropenez eta aukeraz betetako etorkizun bat indartzeko".

Gainera, politika, gizarte eta sindikatuen alorreko agenteei, Espainiako eta Frantziako gobernuei eta nazioarteari "ardura" eskatu die euskal gizartearen nahiari "modu konstruktiboan" erantzuteko.

Deia herritarrei

Euskal gizarteari "protagonista aktiboa" izateko deia egin dio ezker abertzaleak, "denon artean bake eskenatoki bat eta irtenbide demokratikoak" bilatzeko.

Ezker abertzaleak beste agerraldi bat egingo du datorren astean, ETAren iragarpena sakonago aztertu ostean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea