Politika -
Omenaldia Ermuan
EH Bildu: 'Ez genuen Ermuan egoteko inolako zalantzarik izan'
Julen Arzuaga Ermuan egon zelako Alfonso Alonsok egindako kritiken harira Eusko Jaurlaritzak esan du ezin dela atzera begira bizi eta positibotzat jo du ezker abertzalea omenaldian egotea.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkidea atzo Miguel Angel Blancori Ermuan egin zitzaion omenaldian egon zelako Alfonso Alonsok egindako kritiken harira, Maddalen Iriarte EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak esan du ez zutela bertara joateko inolako zalantzarik izan.
Industria politikari buruz egindako prentsaurreko baten amaieran kazetarien galderei erantzunez adierazi duenez, euskal gizartearen gehiengoak bake eta bizikidetza alorrean aurrera egiteko eskatzen die politikariei eta EH Bildu horretan saiatzen ari da. "Enpatia oinarri hartuta, bestearen mina aitortuz, ez genuen bertan egoteko inolako zalantzarik izan".
Alfonso Alonsok gogor kritikatu zuen Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkidea Miguel Angel Blancoren omenezko ekitaldian egotea: "Bere burua zuritzera etorri da". "Bere burua zuritzera etorri da. Miguel Angel bahitu zutenean, ez zuen hura askatzea eskatu; hil zutenean, hilketa txalotu zuen eta hiltzaileak babestu zituen; eta gaur hilketa hura egiteko erabili ziren kausa eta proiektu bera defendatzen jarraitzen du", esan zuen Euskadiko PPren buruzagiak atzo Ermuan. "Arzuaga jauna soberan dago. Gainerako guztiak batuta geunden duela 20 urte eta batuta jarraitzen dugu orain. Hori da garrantzitsuena", erantsi zuen.
Erkorekak positibotzat jo du ezker abertzalea Blancoren omenaldian egotea
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak gaur azpimarratu duenez, positiboa da Miguel Angel Blancori Ermuan egindako omenaldian EH Bilduko eta ezker abertzaleko ordezkariek parte hartu izana. Are gehiago, hemendik aurrera beraien parte hartzea "albiste ez izatea" espero duela adierazi du.
Bizkaia Irratiari eskainitako elkarrizketan azaldu duenez, "guztiok egin behar dugu gure ahalegina normaltasunaren bidean", eta orain arte "terrorismoaren biktimen omenaldietan besteokin batera egon ez direnak orain parte hartzen hastea aurrerapausotzat jo behar dugu".
Erkorekaren esanetan, "atzera begiratuz gero, guztiok dugu bestearen kontra zerbait esateko", baina "ezin dugu atzera begira bizi, aurrera begiratu behar dugu". "Ona da memoria egitea, eta beharrezkoa da etorkizun hobea eraikitzeko, baina ezin dugu atzera begira bakarrik egon. Atzerako begirada horrek zentzua du baldin eta etorkizuna bakean eraikitzeko balio badu", azpimarratu du.
Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen esanetan, guztiek dituzte etxerako lanak egiteko. Ezker abertzaleari dagokionez, eragindako kalte "bidegabea" aitortu behar duela uste du Erkorekak, oraindik ere pauso hori behar bezala eman ez duelako, horren ustez.
"Egia da zenbait kasu agertzen ari direla, Julen Arzuagarena kasu, baina gauza bat da gisa honetako ekitaldietan parte hartzea eta beste bat da eragindako mina aitortzea, eta, hortik aurrera, gauzak gaizki egin zirela eta helburu politikoak bizitzaren eta duintasunaren gainetik jartzeko arrazoirik ez dagoela aitortzea", azaldu du.