Politika -
Zinegotzia zenean
Barkosek dietak bidegabe kobratu zituela salatzen zuen demanda, baztertuta
Kontu Auzitegiak ez du lege oinarririk aurkitu adierazteko Barkosek dietak kobratzen zituela egiten ez ziren bileretara joateagatik, Justitia eta Veritas elkarteak hori salatu zuen arren.
Agentziak | Erredakzioa
Kontu Auzitegiak ezetsi du Justitia eta Veritas elkarteak Uxue Barkos Nafarroako presidentearen aurka jarri zuen salaketa; Iruñeko zinegotzi izan zenean dietak bidegabe kobratzea leporatu zion talde horrek Barkosi.
Ebazpenaren arabera, ez dago lege oinarririk esateko “Barkosen jardunean kontabilitate mailako inolako erantzukizunik” dagoenik; izan ere, “ez dago frogatuta Barkosek dietak kobratu zituenik 2008 eta 2012 artean bere udal taldeak egin ez zituen bileretara joateagatik”.
Akusazioak eskatu zuen Barkosek Iruñeko zinegotzi postua eta Kongresuko diputatu kargua uztartzen zituenean kobratutako 208.610 euro itzultzeko, bidegabe kobratutako dietei zegozkielakoan.
208.610 euro horietatik 69.435 Barkosi berari eskatu zizkion Justitua eta Veritasek, eta 139.174 gehiago taldeko gainerako kideek berme gisa haren sinadura erabiliz kobratu zituzten dietei zegozkien ustez.
Elkartearen arabera, Barkos ezin zen udal taldeak Iruñean egiten zituen bilerara joan, aste osoa Madrilen igarotzen baitzuen.
Auzitegiaren idatziaren arabera, Barkosen bilerak neurrizkoak dira eta ez da zaila bileretara joan zela pentsatzea, eta, gainera, berorietara ez zuten zertan talde politikoko kide guztiak joan.