Politika -
Industrializazio Plana
Industria Barne Produktu Gordinaren % 25 izatea lortu nahi du Jaurlaritzak
2017-2020 epealdirako industria plana onartu du. Aurrekontua 1.225 milioi eurotik gorakoa izango da.
agentziak | erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak 2017-2020 Industrializazio Plana onartu du. Aurrekontua 1.225 milioi eurokoa izango da. Enpresak digitalizatzea eta industria Barne Produktu Gordinaren % 25 izatera iristea dira egitasmoaren helburu nagusietako bi.
Arantxa Tapia Ekonomia Garapenerako eta Azpiegitura sailburuak agerraldia egin du planaren xehetasunak azaltzeko.
Aurtengo aurrekontua 296 milioi eurokoa izango dela jakinarazi du. Orotara, 1.225 milioi euro bideratuko dituzte, baina zenbateko horri beste 1.000 milioi euro gehituko dizkiote, abalen bidez eta Finantzen Euskal Erakundeak erabilgarri duen kapital funtsa baliatuta.
Urtez urte aurrekontuak % 1,2ko hazkundea izango du, % 5era iritsi arte, berrikuntzaren atalean.
Aurrekontuaren % 40 administrazio publikoaren ekarpena da, eta % 60a, diru pribatua.
Planaren helburu estrategikoa Barne Produktu Gordinaren % 25 industriarena izatea dela esan du, euskal enpresen kalitatea, lehiakortasuna eta eraginkortasuna indartuz.
Egun BPGren % 24 industriarena dela kontuan hartuta, helburu hori anbizio gutxikoa ote den galdetu diote sailburuari, eta Tapiak ondokoa erantzun du: "Helburu lorgarria da, baina ez da erraza izango. Nahiagoko nuke hala balitz eta lau urte barru anbizio gutxiko helburua izan zela onartu behar izatea".
Bestalde, Tapiak adierazi du 80eko hamarkadan abiarazitako industria politikan "urrats kualitatiboa" eman nahi duela Jaurlaritzak, euskal enpresak digitalizatuta, inbertsio gehiago eginda eta konpainia atzeratuen eta aurreratuen arteko aldea murriztuta.
Helburu estrategiko horrez gain, industrializazio planak beste sei proiektu aurreikusten ditu, enpresa ertain eta txikiak babesteko, enpresen nazioartekotzea bultzatzeko eta profesionalak gehiago trebatzeko.
Eusko Jaurlaritzak gaur onartutako Industrializazio Plana Legebiltzarrean eztabaidatuko dute orain.
EH Bildu
Egitasmoaren aurkezpenaren ondoren, laster iritsi dira erreakzioak. EH Bilduk esan du Industria Plana "hutsaren hurrengoa" dela, "iraganean aurkeztutako neurri eta inbertsioen nahastea", eta Iñigo Urkulluren Jaurlaritzari leporatu dio "propaganda" politikarekin "bere irudia zuritu" nahi izatea.
Iker Casanova koalizio abertzalearen legebiltzarkideak adierazi duenez, gaur aurkeztutako plana martxoaren 28an kaleratu zuten 2017-2020 sustapen ekonomikorako plana da "azken batean".
Gaineratu duenez, Jaurlaritzak "bere irudia zuritu nahi izan du iritzi publikoaren aurrean, hainbat enpresak bizi duten egoera kritikoari erantzuten diola erakusteko".
Horren harira, ohartarazi du Jaurlaritzaren "marketin politikak" ez dituela "krisian dauden enpresak salbatuko" eta ez dela "lanpostua kolokan ikusten duten ehunka langilek behar duten irtenbidea".
"Zoritxarrez, Tapiak martxoan aurkeztu zuen errezeta bera atera du berriro, eta agerian utzi du Lakuak ez duela benetako industria planik, baizik eta propaganda hutsa, eta bere proposamena huts egin duten politikei eustea dela", azpimarratu du.