Politika -
Txileko Justizia
220 eguneko kartzela-zigorra ezarri diote Asel Luzarragari
Euskal idazleak dagoeneko bete du zigorra, orain arte 250 egun daramatza-eta atxilotuta, lehenengo espetxean eta gero etxean. Hegoamerikako herrialdetik kanporatzeko auzia aztertuko dute orain.
Euskadi Irratia
Txileko Justiziak 220 eguneko kartzela-zigorra ezarri dio Asel Luzarraga euskal idazleari lehergailuak izatea leporatuta, Euskadi Irratiak jakitera eman duenez. Luzarragak dagoeneko beteta du zigorra, orain arte 250 egun baitaramatza atxilotuta, lehenengo espetxean eta ondoren etxean. Orain kanporatze auziari egin beharko dio aurre. Bien bitartean, Asel Luzarraga aske geratuko da.
Abenduaren 31n atxilotu zuten eta 40 egun eman zituen Temucoko kartzelan. Otsailaz geroztik bere etxean atxilotuta egon da idazle eta itzultzailea.
La Araucania eskualdean atentatuak egin izana leporatu zion hasieran fiskalak. Luzarragak, ordea, egun horietan Txiletik kanpo zegoela frogatu zuen. Orduan, fiskalak leherkariak izatea leporatu eta bost urteko espetxe-zigorra eskatu zuen.
Abuztuan egin zen Asel Luzarragaren aurkako epaiketa. Idazle eta itzultzaileak hasieratik ukatu zituen salaketa guztiak. Luzarragaren senide eta lagunentzat argi geratu da Txiletik kanporatzeko egin dutela epaiketa. Gainera, orain Fiskaltzak Txiletik kanporatzeko prozedura hasi du.