Politika -

Auzitegi Nazionala

Rajoyk lekuko gisa deklaratuko du gaur, Gurtel auzia dela eta

Gurtel auziko lehen atala (1999 eta 2005 bitarteko jarduna) aztertzen ari dira Auzitegi Nazionalean. Rajoyk galdera guztiak erantzungo dituela esan du PPk.

Mariano Rajoyk lekuko gisa deklaratuko du asteazkenean

1:27

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak lekuko gisa deklaratuko du gaur, asteazkena, epailearen aurrean. Auzitegi Nazionalean Gurtel auziko lehen atalari buruzko jarduna aztertzen ari dira, eta, horrenbestez, Rajoyk 1999 eta 2005 bitartean PPk izandako jarduna azaldu beharko du. Jardunean den presidente batek lehen aldiz deklaratuko duenez, ikusmin handia dago, eta guztira 312 kazetarik eta 83 hedabidek (horietako 21 atzerrikoak dira) jaso dute presidentearen deklarazioa bertatik bertara jarraitzeko akreditazioa.

Javier Maroto Alderdi Popularreko Gizarte Politikako idazkariordearen hitzetan, ez da gauza bera auzitegira lekuko gisa edo akusatu gisa joatea. Alde handia dagoela adierazi du, eta Rajoy epaimahaiaren aurrean “bere esku dagoen guztia” argitzen ahaleginduko dela jakinarazi du.

Carlos Floriano PPko diputatuaren arabera, Espainiako Gobernuko presidenteak “lasaitasun handiz” deklaratuko du PPko idazkari nagusi izan zen garaian PPren jardunaz galdetzen dioten guztiari buruz. "Ez dakit zein estrategia erabiliko duen Rajoyk epailearen aurrean, baina Auzitegi Nazionalean egiten dizkioten galdera guztiak erantzungo ditu", gaineratu du.

PP legez kanpo finantzatu zen argitzeko epaiketan, Europako Abokatu Demokraten Elkartearen (Adade) ordezkaria izango da Rajoyri galdetzen lehena, herri akusazio gisa. Jarraian, Fiskaltzaren txanda izango da, eta, seguruenik, Gurtel auziko bi fiskaletako batek (Concepcion Nicolas edo Concepcion Sabadell) egingo dizkio galderak, eta baliteke Ustelkeriaren kontrako fiskalak (Alejandro Luzon) ere galdetzeko aukera izatea.

Fiskaltzaz eta Adade elkarteaz gain epaiketan akusazio gisa ari diren gainerakoek ere izango dute Espainiako Gobernuko presidenteari galderak egiteko aukera: Estatuaren abokatuak, Madrilgo Autonomia Erkidegoak, Madrilgo Udalak, Valentziako PSOEk eta Boadilla del Monte (Madril) udalerriko sozialistek.

Azkenik, defentsaren abokatuek izango dute Rajoyri galdetzeko aukera. Angel Hurtado epaimahaiaren presidenteak nahi duenean galdetu ahalko dio presidente espainiarrari.

Herri akusazioa osatzen duen Europako Abokatu Demokraten Elkarteak (Adade) egin zuen Rajoyk epaile aurrean deklaratzeko eskaera, 1990etik 2003ra bitartean alderdi horretako idazkari nagusi eta hauteskunde kanpainako zuzendari zenean PPk B kutxa izan zuen argitzeko.

Epaiketa honetan Gurtel auziko lehen atala (1999 eta 2005 bitarteko jarduna) bakarrik aztertzen ari diren arren, Fiskaltzak eta akusazioak behin baino gehiagotan galdetu diete lekukoei Barcenasek ezkutupeko ustezko kontabilitatearen paperen inguruan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala berriak Politika Albisteak Alderdi Popularra Mariano Rajoy Espainiako Gobernua albisteak Espainia argazkiak Alderdi politikoak bideoak Ustelkeria politikoa azken albisteak Gaurko azken orduko albistea