Politika -

Elkarrizketa

Zapaterok esan du Gobernuak ez duela 'inolako kontakturik' ETArekin

Gobernuak ETAren benetako asmoa zein den ez dakiela erantsi du. ETArenganako "konfiantza eza handia" dela eta "benetan" ari direla sinesteko "froga zorrotzak" beharko dituztela nabarmendu du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ETAren iragarpenaren harira, Jose Luis Rodriguez Zapaterok azpimarratu du ETArekin edo haren inguruarekin ez dutela inolako harremanik eta, beraz, erakunde armatuaren benetako asmoak zeintzuk diren jakiteko "informazio zehatzik" ez duela.

Hala ere, ETAren ibilbidea ikusita, "konfiantzarik" izan behar ez dela adierazi du. "Konfiantza eza handia da eta mahai gainean jarri beharko dituzten frogak oso zorrotzak izango dira, demokraziak eta Gobernuak indarkeria betirako utzi nahi dutela, benetan ari direla eta hau amaituko dela sinets dezaten", azaldu du SER irrati-katean egindako elkarrizketa batean.

Espainiako Gobernuko presidentearen iritzian, ETAk "gelditzea" erabaki badu, bi arrazoi daude: batetik, "gehiago ezin duelako" eta bestetik, "baita ere, ezker abertzaleak agertu duen jarreragatik". Ezker abertzalea legeztatzeko, ondoko bi baldintzak jarri ditu: lehenengoa, "anbiguotasuna uztea eta indarkeria zorrotz gaitzestea"; eta bigarrena, ETAk armak "behin betiko" uztea. ETAk armak betirako utziko dituela iragarriz gero, zer egingo lukeen ez du azaldu nahi izan, baina zehaztu du Espainiako Gobernuak ''B'' nahiz ''C'' planak prest izan behar dituela badaezpada. Hori bai, hipotesi hori egi bihurtuko balitz, Gobernuaren lehendabiziko urratsa alderdi politikoekin adostasun batera heltzea izango litzatekeela esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea