Politika -
Martxa debekatuta/Erreakzioak
Debekua 'atzera buelta eta probokazioa' dela gaitzetsi du Urkulluk
Manifestazio eskubidea urratzen duela uste du Basabek (Aralar). "Epaileen erabakiekiko begirune osoa" agertu du Pastorrek. Leopoldo Barredak (PP) epailearen erabakia txalotu du.
Redacción
Auzitegi Nazionalak gaur arratsaldeko Bilboko martxa debekatu izana "atzera buelta eta probokazioa" dela gaitzetsi du Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidenteak.
Urkulluk ez du "Auzitegi Nazionalaren irizpide ezberdina" ulertzen. Horren hitzetan, "epaile batek manifestazioa eta kontzentrazioa baimendu zituen orain dela 20 egun, eta gaur debekatu egin ditu legez kanpoko Batasunaren ondorengoek deitu duten aitzakiarekin". Manifestazioa deitu dutenek alderdi ezberdinetako pertsonak direla nabarmendu du Urkulluk.
Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak, berriz, "epaileen erabakiekiko begirune osoa" agertu du. Hemendik aurrera, "legea ezartzea" Herrizaingo Sailari dagokiola gaineratu du.
Ismael Moreno epailearen erabakiaren aurrean, "gainerako alderdien erantzuna" ildo berekoa izatea espero duela azpimarratu du.
Leopoldo Barreda Euskadiko PPko bozeramaileak Auzitegi Nazionaleko epailearen erabakia txalotu du, eta ebazpen hori "obeditzeko eta errespetatzeko" eskatu die Bilboko manifestazioa deitu dutenei.
PP Fiskaltzaren eta Auzitegi Nazionaleko epailearen irizpideekin bat datorrela esan du Barredak; manifestazioak "justiziaren erabaki bati iruzur egiteko jatorrizko antolatzaileena ordezkatzea" helburu zuela nabarmendu du.
Mikel Barreda Aralarreko legebiltzarkidearen ustez, debekuak "manifestazio eskubidea" urratzen du. ''Adierazpen askatasuna. Eskubide guztiak guztiontzat'' leloak "ez du debekatzeko biderik ematen", horren iritzian, eta euskal gizartearen aspaldiko eskakizun bat dela gaineratu du.
Gaur arratsalderako deitutako martxa debekatu izana "bidegabekeria demokratikoa hutsa da", Serafin Llamas Ezker Batua-Berdeak alderdiko koordinadore eta bozeramailearen arabera, eta bakerako bidean "oztopoak" jartzea leporatu dio Ismael Moreno Auzitegi Nazionaleko epaileari.
Auzitegi Nazionalak "bultzada politikoen arabera" jokatzen duela azpimarratu du Llamasek ohar baten bidez. Izan ere, horren aburuz, "eskubide konstituzionalak erabiltzea ukatzen du eta bakearen bideari eta elkarrizketa demokratikoari oztopoak jartzen dizkio".