Politika -
Presoak
Zoidok baztertu egin du ETA desegin aurretik kartzela politika aldatzea
Barne ministroaren iritziz, 'logikoa' da Euskadik espetxeen eskumena Espainiako Gobernuari eskatzea, baina azpimarratu du hori ez dela 'goizetik gauera' lortzen.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Juan Ignacio Zoido Espainiako Barne ministroak baztertu egin du "gaur-gaurkoz" kartzela politikan aldaketak egitea eta dispertsioarekin amaitzea, ETA desegiten ez bada eta presoek legedia onartzen ez badute.
"Lehenik, ETA behin betiko desagertu beharko litzateke, barkamena eskatu, arma guztiak eman, eta, damua erakutsi ondoren eta zintzilik dauden gaiak argitzen direnean, pauso batzuk eman litezke zer egin daitekeen ikusteko", adierazi du Zoidok. Ministroak gaineratu duenez, presoak gerturatzea eta espetxeen eskumena Eusko Jaurlaritzaren esku uztea lirateke pauso horietako batzuk.
Zoidoren esanetan, "logikoa" da Eusko Jaurlaritzak espetxeen eskumena eskatzea, Gernikako Estatutuan jasotako eskumena dela kontuan izanda, baina "hori ez da goizetik gauera lortzen", gaineratu du. "Denbora asko pasatuko da", nabarmendu du.
Kepa del Hoyo euskal presoa Badajozeko kartzelan hil ondoren egin ditu adierazpenok Zoido ministroak.
Juan Ignacio Zoidoren hitzetan, terrorismoaren kontrako borrokan Espainiako Gobernuaren oinarrizko zutabea "terrorismoaren biktimen eta memoria, justizia eta egiaren defentsa" dira.
Bestalde, gainerako alderdi politikoekin elkar ulertzeko deia egin du, terrorismoaren kontrako "oinarrizko printzipioak" indartzeko eta Estatuko segurtasun indarren eta autonomia erkidegoetako polizien arteko koordinazioa hobetzeko.