Politika -
Elkarrizketa, ETBn
PSErekin batzartuko dela iragarri du Urizarrek
Oraindik ez dago bilera egiteko datarik, baina egin egingo dutela baieztatu du EAko idazkari nagusiak.
Erredakzioa
Pello Urizar EAko idazkari nagusiak iragarri du PSE-EErekin batzartuko dela, bake-prozesua abiatzeko proposamenaren "gutxieneko demokratikoak" azaltzeko helburuz. Gainera, PPrekin ere biltzeko asmoa agertu du.
Gaur goizean ETB-2ko "Egun on, Euskadi" saioan egin dioten elkarrizketa batean, Urizarrek esan du du ezker abertzalearekin batera egiten ari den bilera-sortaren baitan egingo dituztela aipatu batzarrak.
EAko buruak zehaztu du oraindik ez dagoela datarik sozialistekin biltzeko, baina batzarra egin egingo dela aurreratu du.
Azken egunetan, PSE prest agertu da EArekin bilera egiteko, baina ez, ordea, legez kanpoko ezker abertzalearekin.
Urizarrek PPrekin ere batzartzeko asmoa du, alderdi horrekin akordioak ixtea "zail" izango dela uste badu ere. Izan ere, bi alderdiek "kontrako" jarrerak dituzte bakea eta normalizazio politikoa lortzeko bidean.
"Batasunak du agintea, ez ETAk"
Urizarrek ziurtatu du Batasunak duela "agintea" ETAren aurrean, eta indarkeria desagerrarazteko prozesuak aurrera jarraituko duela nahiz eta ezker abertzalea ez legeztatu.
Bere hitzetan, Batasunak azaldu die bide politikoen aldeko apustua militanteen "agindua" dela eta, beraz, ezker abertzalearen "egitura guztiek" bete behar dutela.
Bilboko manifestazioa
Bestalde, Urizarrek kritikatu egin du Auzitegi Nazionalak larunbatean Bilbon egitekoak ziren manifestazioak debekatu izana, eta martxa egin egingo dela iritzi dio.
"Debekuak ez dira inoiz oztopo izan asmo zilegientzat", gaineratu du.
Halaber, ukatu egin du Sabin Intxaurraga Eusko Jaurlaritzako sailburu ohiak (EA) egindako deialdiaren debekua EAri zuzendutako "abisu bat" izatea.