Politika -
PROTESTA
Sakabanaketa politika amaitzeko eskatu du Etxeratek hondartzetan
Urtero bezala, abuztuko lehen igandean, hondartzetara eraman du aldarria Etxeratek. 'Dispertsioa Stop. Etxean eta bizirik nahi ditugu' lelopean, egungo espetxe politika salatu dute ehunka pertsonak.
EITB.EUS
Euskal presoen sakabanaketa politika amaitzeko eskatu du Etxerat elkarteak Euskal Herriko hondartzetan. Giza-kateak egin dituzte eguerdian, 'Dispertsioa Stop. Etxean eta bizirik nahi ditugu' lelopean.
Patricia Velez Etxerateko kideak Euskadi Irratian adierazi duenez, presoen errealitatearen berri eman nahi diete Euskal Herrira bisitan datozenei. "Estatu espainiarrean eta frantziarrean gure errealitatea isildu egiten dute, eta ekintza honekin gure egoeraren berri eman nahi dugu", esan du.
Etxeratek jakitera eman duenez, 324 preso daude Frantziako eta Espainiako espetxeetan sakabanatuta. Euskal Herrian bi daude, biak gaixo larri, Aitzol Gogortza eta Txus Martin.
Mutriku, gaur (Argazkia: @EtxeratElkartea)
ETAk jarduera armatua utzi zuenetik "egoera politikoa aldatu" bada ere, "presoen egoerak eta haien senideenak bere horretan" jarraitzen duela salatu du Etxeratek. Horren aurrean, espetxe politika aldatzeko lanean jarraituko duela esan dute. "Akordio soziala lantzen jarraituko dugu. Gure iritzian, gizartean badago akordiorako borondatea", esan du.
Zarautzen, Donostian, Orion, Hendaian, Ibarrangelun, Muskizen, Ondarroan, Lekeition, Bakion, Mutrikun eta Ean egin dituzte giza-kateak, 12:00etatik aurrera.