Politika -
Legebiltzarrean
Arabako ustezko ustelkeria ikertuko duen Batzordea eskatu dute
PSEk, PPk, EAk, EBk eta UPyDk egin dute eskaera, Eusko Legebiltzarrean. EAJk eta Aralarrek ez dute dokumentua sinatu.
Erredakzioa
Arabako ustezko ustelkeria eta espioitza auziak ikertuko dituen Batzorde bat sortzeko eskatu diote gaur Eusko Legebiltzarrari PSE, PP, EA, EB eta UpyD taldeek. EAJk eta Aralarrek ez dute eskaera babestu; izan ere, jeltzaleek osoko emendakina aurkeztuko dute (alderdi horretako zenbait buruzagi auzipetu dituzte).
Eskakizuna PSEk eta PPk bultzatu zuten eta urrian bozkatuko dute osoko bilkuran. PSEk eta PPk aldaketak sartu dituzte hasierako testuan Eusko Alkartasunaren, Ezker Batuaren eta UPyDren babesa lortzeko.
Zenbait elkarte publikotan eta Miñaoko (Araba) Parke Teknologikoan egindako kontratazioetan izandako ustezko irregulartasunak ikertzea izango du helburu batzordeak, eta baita kontratazio horietan erantzukizun politikorik izan ote zen argitzea ere.
Bestalde, Arabako eta Bizkaiko zenbait udalerritako lursail handiak birkalifikatzeko operazioak ikertuko ditu batzordeak
Alfredo de Miguel (''Miñao auzia''ren barnean) Arabako diputatu ohia eta Aitor Telleria (Ertzaintzarekin lotutako espioitza sarean) buruzagi jeltzalea, besteak beste, auzipetu dituzte.
Eskaria erregistratu ondoren, Jose Antonio Pastor PSEko bozeramaileak esan du batzorde honen sorrera "Eusko Legebiltzarraren osasun demokratikoarentzat albiste ona" izan dela.
Legebiltzarreko talde guztiek eskaria sinatu ez izana ere azpimarratu du Pastorrek. "Gure ustez, talde guztien konpromisoa izan beharko litzateke".
Kazetariek batzorde horretako presidentea nor izango den galdetuta, "datorren egunetan" erabakiko dutela erantzun du, baina, bere ustez, eskakizuna "sinatu duen edozein taldek" hartu ahal du ardura hori. Hala ere, EAJk ezingo duela zuzendu esan du, "alderdi horretako zenbait pertsona irregulartasun horietan murgilduta egon daitezkeelako".
Leopoldo Barredak (PP), bestalde, batzordea sortzea "egokia" dela adierazi du, eta eskari hori bost taldek sinatu dutela nabarmendu du. "Horrek auzi honen inguruko egia ezagutzera eraman gaitzake".
EAJri "laguntza" eskatu dio Barredak, "gertatutakoa ikertzeko gehien dakitenak, agian, eurak direlako".
Juanjo Agirrezabalagak (EA) batzorde honen sorrerari emandako babesa azaldu du: "Gardentasuna bilatzen duten ikerketak bultzatu behar dira", adierazi du.
Sinatutako testuak EAk egindako proposamenak sartu dituela gaineratu du Agirrezabalagak, errugabetasun printzipioa "oinarrizko elementutzat" jotzea, adibidez. Izandako ''ustezko irregulartasunak'' dira orain testuaren oinarria.
Joseba Egibar EAJko legebiltzarkideak ere hedabideen aurrean hitz egin du. "Hasiera-hasieratik ikerketaren alde egon gara, baina aurreiritziak baztertu dituzte", azpimarratu du.
Horren arabera, EAJren afiliatuak "gaizkileak" direla esan zuen PSEko legebiltzarkide batek. "Ikerketa Batzordearen bokazioa zein izango den ikus daiteke adierazpen hauetan", defendatu du. Horregatik, taldeek aurkeztutako testuari osoko zuzenketa egingo diotela berretsi du Egibarrek.