Politika -

Batzordea sortuko dute

Arabako ustezko ustelkeria sarea ikertuko du Legebiltzarrak

Arabako ustezko ustelkeria eta espioitza sarea ikertuko duen batzordea sortzeko eskakizuna erregistratuko dute PSEk, PPk, EAk, UPyDk eta Ezker Batuak asteazken honetan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arabako ustezko ustelkeria eta espioitza sarea ikertuko du Eusko Legebiltzarrak. EAJko zenbait buruzagi inputatuta dira auzian.

Gaia ikertzeko batzorde espezifiko hori sortzeko eskaera egingo dute talde politiko guztiek asteazken honetan, EAJ eta Aralar kenduta.

Eskakizuna PSEk eta PPk bultzatu zuten eta urrian bozkatuko dute osoko bilkuran.

PSEk eta PPk aldaketak sartu dituzte hasierako testuan Eusko Alkartasunaren, Ezker Batuaren eta UPyDren babesa lortzeko.

Zenbait elkarte publikotan eta Miñaoko (Araba) Parke Teknologikoan egindako kontratazioetan izandako ustezko irregulartasunak ikertzea xede izango du batzordeak, eta baita kontratazio horietan erantzukizun politikorik izan ote zen argitzea ere.

Bestalde, Arabako eta Bizkaiko zenbait udalerritan egindako lurzoru kantitate handien birkalifikatze operazioak ikertuko ditu batzordeak.

Alfredo de Miguel (''Miñao auzia''ren barnean) Arabako diputatu ohia eta Aitor Telleria (Ertzaintzarekin lotutako espioitza sarean) buruzagi jeltzalea, besteak beste, auzipetuta dira.

"Lortutako akordio zabalarekin pozik" agertu da Jose Antonio Pastor PSEko bozeramailea, eta EAJ eta Aralar batzordearekin bat egitea ezinezkoa izan dela azaldu du.

"EAJ ez dator Iñaki Gerenabarrena ABBko presidenteak egindako adierazpenekin bat. Izan ere, gaiaren muinera heldu nahi zuela esan zuen Gerenabarrenak. Bestalde, ordaintzaile txarren aitzakiak jarri ditu Aralarrek, eta Arabako Batzar Orokorretan batzorderik sortu ez zela argudiatu du", Pastorren hitzetan.

EAJk testu alternatiboa aurkeztuko du, hau da, PSEren, PPren, EAren, EBren eta UPyDren testuari osoko zuzenketa aurkeztuko dio.

Bien bitartean, ikerketa judizialak aurrera jarraitzen du. Deklaratzen azkena Gurutz Larrañaga Kultura sailburuorde ohiaren idazkaria izan da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea