Politika -
Rafa Diez, libre
Rafa Diezek betetako 'zigor bidegabea' salatu dute LABek eta ELAk
CCOO Euskadik ere pozik hartu du albistea. Sindikatu horren ustez, "ezker abertzalearen estrategia aldaketa lortzeko lan egin zuen Diezek".
Agentziak | Erredakzioa
Rafa Diez aske dela ospatu eta 'Bateragune auzia'gatik betetako "zigor bidegabea" salatu dute gaur LAB eta ELA sindikatuek.
Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak akordio baten baitan biltzeko eskatu die indar politiko, sozial eta sindikalei Espainiako Gobernuak presoekiko duen politika alda dezan. "Urrats berriak emateko garaia da. Presoen afera konpondu beharra dago", esan du.
Aranburu El Duesoko kartzela kanpoaldean izan da, sindikatuko beste buruzagiekin eta kideekin batera.
Espetxe kanpoaldean Diezi egin asmo zioten omenaldiaren "ilegalizazioa" salatu du LAB sindikatuko buruak. "Espainiako Gobernuaren jarrera antidemokratikoaren isla da", horren ustean.
Aranburuk nabarmendu duenez, "preso politiko bat gutxiago dago kartzelan. Rafak ez zuen espetxean egun bat bera ere eman behar, Bateragune auziagatik bidegabe kartzelatu zutelako". LABeko idazkari nagusiaren esanetan, euskal gizarteak "ez zuen zigorra ulertu eta onartu, eta gaur egun ez du ulertzen preso politikoen eskubideak urratzen eta salbuespen neurriak ezartzen jarraitzea. Espainiako Gobernuak ez du Euskal Herriko gatazka politikoa konpontzeko inongo borondate politikorik".
Salatu duenez, "eskubideen urraketa horrek, zoritxarrez, heriotza ere ekartzen du, Kepa del Hoyoren kasuan bezala".
ELA
Amaia Muñoa ELAko idazkari nagusiaren albokoak ere Diez Usabiagari ezarritako zigorra gaitzetsi du. Hura aske geratuta, "sekula izan behar ez zen prozesu luzea amaitu da".
Muñoa El Dueson izan da Rafa Diezi "babesa eta elkartasuna adierazteko". Gogorarazi duenez, "'Bateragune auzia'gatik preso zegoen zigortu bakarra" zen Diez.
'Bateragune auzia' hizpide, Muñoak uste du kasu honek "agerian" utzi duela "proiektu politiko guztiak garatzeko Espainiako Estatuan dagoen demokrazia falta".
CCOO
CCOO Euskadi sindikatuak ere pozik hartu du Rafa Diezen kaleratzearen albistea. Ohar batean gogorarazi duenez, 'Bateragune auzia' kontra azaldu ziren, baita auzipetuei ezarritako zigorren kontra ere.
CCOO Euskadiren iritzian, "Rafa Diezek gaur egungo egoera lortzeko lan egin zuen, eta beste pertsonekin batera ezker abertzalearen estrategia aldaketa gidatu zuen".
Nolanahi ere, sindikatuak ohartarazi du oraindik badela bide luzea egiteko "gertatutakoaren errelatoan, biktimei eragindako mina aitortzean eta euskal gizarteak hainbeste amesten zuen bakea mantentzean".