Politika -
Atentatuak Katalunian
Urkullu eta Barkos Bartzelonako manifestazioan izango dira, larunbatean
Terrorismoaren aurkakoa izango da, eta Udalak eta Kataluniako Gobernuak deitu dute; Mossos d’Esquadrako agenteak eta hiriko hiri-guardiak eta merkatariak egongo dira buruan.
Agentziak | Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakaria eta Uxue Barkos Nafarroako presidentea Bartzelonan izango dira larunbat honetan, terrorismoaren aurka bertan egingo duten manifestazioan egotea xede. Hiri horretan, hilaren 17an, atentatu jihadista batek 13 hildako eragin zituen, eta, gerora, Cambrilsen izandako beste eraso baten ondorioz, beste emakume bat hil zen (guztira, behin-behineko balantzearen arabera, 15 hildako daude; izan ere, orain arteko azkena Bartzelonako atentatuaren egileak hil zuen, ibilgailua lapurtzeko).
18:00etan abiatuko da manifestazioa, Graciako Lorategietatik, ‘No tinc por’ ('Ez naiz beldur') lemapean; Gracia pasealeku berria zeharkatuko du, Katalunia plazaraino. Mossos d’Esquadrako agenteak eta hiriko hiri-guardiak eta merkatariak egongo dira buruan.
Hilaren 18an, Bartzelona eta Cambrilseko atentatuen biharamunean, Urkulluk Donostian egindako elkarretaratze batean hartu zuen parte; euskal erakunde eta alderdietako ordezkariak izan ziren bertan, baita ehunka hiritar ere. Foru Erkidegoan, presidentea manifestazioan egotearekin, Nafarroako Gobernuak adierazi nahi du 'elkartasuna biktimekin, senideekin, eta Bartzelona eta Kataluniako herriarekin'; halaber, berretsi nahi du salatzen duela 'indarkeria terrorista', eta konpromisoa hartzen duela 'bake-gizarte baten alde lan egiteko, giza eskubideetan eta desberdinen arteko elkarretaratzean oinarrituta'.
Estebanek eta Bildarratzek ordezkatuko dute EAJ; Iriarte eta Urizar, EH Bildu; Mendiak, PSE
Oraingoz, euskal alderdiei dagokienez, EAJk, EH Bilduk eta PSEk baieztatu dute manifestazioan izango direla. EAJk Kongresuan eta Senatuan dituen bozeramaileak bidaliko ditu, alegia, Aitor Esteban eta Jokin Bildarratz; EH Bilduren aldetik, Maddalen Iriarte legebiltzarkidea eta Pello Urizar agintaria izango dira; eta PSEren kasuan, Idoia Mendia idazkari nagusia joango da.