Politika -
Alderdi Egunean
EAJk alderdien diagnosi bateratua nahi du ETAren iragarpenari buruz
Patxi Lopez lehendakariak erantzun du diagnostiko komuna badagoela, eta hori ETAren agirian "berritasunik ez" ikustea dela.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu EAJren presidenteak iragarri du alderdi politiko guztiei ETAren iragarpenaren inguruko diagnosi komuna egitea proposatuko diela. "Uste dut diagnostiko batean ideologia guztiok, euskal gizarte osoa ordezkatu nahi dugunok, dugula lekua", agintari jeltzaleak azaldu duenez.
Forum Europa Tribuna Euskadi gosari informatiboetan emandako hitzaldian EBBren presidenteak jakinarazi duenez, "ziurrenik" Alderdi Egunean egingo dute ekimenaren proposamen zehatzagoa.
Urkulluk argi adierazi nahi izan du EAJren ekimenak ez duela besteekin lehian sartu nahi, ez lehendakariak bultzatutakoekin ez beste alderdi politikoenekin. Izan ere, euskal gizarteak alderdi politikoen "esfortzua" merezi duela uste du.
Gainera agintari jeltzaleak zehaztu du EAJk "beti" izango duela "erabakitzeko eskubidearen aldarria", baina horrek ez duela ekimena "baldintzatuko".
Oinarria, ETAk indarkeria betiko baztertzea
"Oraindik kateak askatu ez dituen ezker abertzalea delakoak, tutoretzapean denak, edo legez kanpo utzitako Batasunak, beste era batera esanda; pausoak eman ahal izatea nahi du EAJk" esan du Urkulluk. Izan ere, bere alderdiaren nahia baita "guztiok gai izatea proiektu bat izateko, proiektu politiko hori gizartean defendatzeko aukera izatea eta gizartea izatea gehien gustatzen zaion proiektua aukeratuko duena". Hori bai, "horretarako, garbi dago EAJk eskari garbia duela, oinarri gisa: ETAri indarkeria bertan behera uztea eskatu behar zaio".
Lehendakariaren erantzuna
Patxi Lopez lehendakariak, bere aldetik, jeltzaleen proposamenari erantzun dio badagoela diagnosi bateratua eta hori ETAren agirian "berritasunik ez" ikustea dela. Lehendakariak uste du "dauden ekimenak zaintzea" dela eginbeharrekoa.
Horren harira, terrorismoaren kontrako borrokari "eustea"ren garrantzia azpimarratu du, "honaino ekarri gaitu" eta.